Zinemaldia 2024
Zinemira
'Black is Beltza', Zinemaldia astintzeko prest
Natxo Velez | eitb.eus
Fermin Muguruza buru, animaziozko filmeko lantaldeak “pozez zoratzen eta tentsioz” aurkeztu du gaur prentsaren aurrean “Black is Beltza” EiTBren parte-hartzea duen pelikula.
“Black is Beltza” pelikularen bidaia biziak helmuga garrantzitsua harrapatu du gaur. Manex filmeko protagonistak (Unax Ugalde aktoreak jartzen dio ahotsa) New York, Kuba, Mexiko, Los Angeles, Aljeria eta Madril bisitatzen ditu, besteak beste, eta gaur Donostiara iritsi da animaziozko lana, Fermin Muguruzak zuzendu duen filmeko lantaldearen ordezkaritza zabalaren eskutik.
Unax Ugalde, Isaach de Bankolé, Sergi Lopez, Jorge Perugorria eta Oscar Jaenada aktoreen, Raul Refree musikariaren, Beñat Beitia animazio zuzendariaren eta Jone Unanaua ekoizlearen babesean (Rossy de Palma eta Willy Toledo filmean parte hartu duten aktoreak gero ziren taldera batzekoak), Muguruzak azaldu du “pozez zoratzen eta tentsio handiarekin” daudela arratsaldeko emanaldiari begira, “aktoreek ere ez baitute ikusi filma, eta giro ederra sortuko da proiekzioan”.
"Aretoa, galdara bat"
“Kursaaleko K2 aretoa galdara bat izango da. Musikak eta dantzak pisu handia dute filmean, eta festa handia prestatuko dugu”, adierazi du, irrikan.
“Black is Beltza”ren jatorria Fermin Muguruzak egunkarian irakurritako albiste bat da: 1965eko urrian, Iruñeko erraldoien konpartsak kalejira egin zuen New Yorkeko Bosgarren Etorbidean, baina erraldoi beltzek ezin izan zuten desfilea egin, arrazakeriaren ondorioz.
Hortik oinarrituta, Manexen istorio kontatzen du filmak, erraldoi horietako bat garraiatzeko ardura zuen gaztearena. Haren begiradaren bitartez, 60ko hamarkadan gizartea irauli zuten hainbat gertakari aurkeztuko zaizkio ikusleari: Malcolm X-en heriotza, Pantera Beltzak, Kubako iraultzailea…
"Ikusteko irrikan"
Aktoreak filma ikusteko irrikan agertu dira, eta esker ona erakutsi diote Fermin Muguruzari, proiektuan parte hartzeko aukeratu dituelako: “Duela zortzi urte, film bat egiteko ideia buruan zebilkiola esan zidan Ferminek. Berehala eman nion baiezkoa, besterik jakin gabe, mirespen handia zor baitiot”, esan du Unax Ugaldek aurkezpen prentsaurrekoan.
Unax Ugalde aktorea eta Fermin Muguruza zuzendaria, gaurko aurkezpenean
Sergi Lopez katalan aktorearen hitzetan, “Black is Beltza” “ez da animaziozko film hutsa. Lehergailu bat da, denetarik batzen duena: kultura, sustraiak, esperientziak…”.
Bestalde, Isaach de Bankolé aktoreak esan du “harrotasunez hartu duela parte harro dagoen jendeari buruzko film batean”.
Historia garaikidez eta musikaz blai dagoen film biziari -animazioa egin baino lehenago sortu zuten musika Raul Refree ekoizlearekin (Rosalía, Niño de Elche, Silvia Pérez Cruz…) batera, eta doinuoi egokitu diote animazioa gero- “etorkizun oparoa” aurreikusten dio Muguruzak: “Urriaren 5ean Espainako Estatuan estreinatuko dugu, Txinan banatuko dugu, eta Edinburgoko eta Sao Pauloko jaialdietan erakutsi”.
"Arrazismoaren eta zentsuraren aurkako filma"
Willy Toledo flimeko aktorea (guardia zibil bati jarri dio ahotsa pelikulan) ere hizpide izan du Muguruzak, epaileek Jaungoikoa eta Ama Birjina iraintzeagatik auzipetu eta gero etorriko baita Donostiara: “Arrazakeriaren eta zentsuraren aurkako filma da gurea, eta Willyri babesa handia erakustera gonbidatzen dut Donostiako jendea”, adierazi du.
Ohartarazpen batekin bukatu du solasaldia Muguruzak: “Gaur arratsaldean objektu hegalari bat ikusten baduzue Donostiako zeruan, K2 Kursaaleko aretoa izango da, dudarik gabe. Sekulakoa sortuko dugu bertan!”.