Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Jaialdia

Zinemaldiak "Dantza" eta "Los pasos dobles" erakutsiko du We Are One jaialdian

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako jaialdiak “Mugaritz BSO” ere aurkeztuko du Youtuben maiatzaren 29tik ekainaren 7ra jarraitu ahalko den jaialdi globalean.

  • "Dantza"

    "Dantza" filma erakutsiko dute zinema jaialdi globalean

“Los pasos dobles” Isaki Lacuestari Urrezko lehen Maskorra eman zion lana, “Dantza” eta “Mugaritz BSO” filmak erakutsiko ditu Donostiako Zinemaldiak “We Are One: A Global Film Festival” Youtuben maiatzaren 29tik ekainaren 7ra ikusgai egongo den ekimenean.

Tribeca Entreprisesek antolatzen duen online jaialdiak bere programazioa aurkeztu du gaur, asteartearekin. Besteak beste, jaialdi hauek hartuko dute parte aurten ekimen berri honetan: Annecy, Berlin, Londres, Cannes, Guadalajara, Macao, Rotterdam, Jerusalem, Mumbai, Karlovy Vary, Locarno, Marrakex, New York, Donostia, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca eta Venezia.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak esan duenez, Donostiako jaialdiak aukeratu dituenak izenburu “garrantzitsuak” dira jaialdiaren “azken urteetako historian”, denak ere hamarkada honetakoak.

“Los pasos dobles” filmarekin, Isaki Lacuestak bere lehen Urrezko Maskorra irabazi zuen; bigarrena “Entre dos aguas”ek eman zion, 2018an. François Augiéras (1925-1971) margolari eta idazle frantsesaren nobela itxurako biografian oinarrituta dago fikzio hau.

2011koa da, halaber, “Mugaritz BSO”. Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko chefak eta Felipe Ugarte txalapartariak esperientzia musikal bihurtu nahi dute gastronomia menu bat, eta musika konposizio bihurtuko dituzte dastamenaren bitartez aditutako sentipenak.

“Dantza” filmarekin, Telmo Esnalek Sail Ofizialean parte hartu zuen, emanaldi berezian, eta Glocal in Progress Industria saria irabazi zuen Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako ekoizpenetarako jardueraren lehen edizioan.

“Dantza” film musikala da, eta gizakiaren bizitzaren zikloari eta eboluzioari buruzko istorio bat kontatzen du euskal dantzen eta haien sinbologiaren bitartez.

Ekimen berri honen irabaziak hauek jasoko dituzte: Munduko Osasun Erakundea, Unicef, ACNUR, Save the Children, Mugarik gabeko Medikuak, Leket Israel, GO Foundation, Give2Asia eta beste elkarte eta GKE batzuk.