Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IRAILAK 20

'El Drogas' dokumentala eta 'Ane' filma estreinatuko dira Zinemaldian

ERREDAKZIOA

'Ane', David Perezen film luzea, New Directors sailean lehiatuko da, eta 'El Drogas' film dokumentala, berriz, Zinemira sailean, Irizar Sarirako. Bi lanek EiTBren parte hartzea izan dute.

  • "El Drogas" film dokumentalaren fotograma bat. Irudia: Zinemaldia

    "El Drogas" film dokumentalaren fotograma bat. Irudia: Zinemaldia

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak aurrera jarraitzen du, eta hirugarren egun honetan ere hainbat lan ikusteko aukera izango da. David Perez zinemagilearen Ane film luzea, esaterako, New Directors sailean lehiatuko da, eta Natxo Leuzak zuzendu duen El Drogas-i buruzko dokumentala, berriz, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean lehiatuko da Irizar Sarirako. Bi filmak EiTB-k babestu ditu.

Ane, Zinemaldiko New Directors sailean lehiatuko da beste bost opera prima eta lau bigarren pelikularekin batera. David Perezek egin duen lehen film luzea da, eta Patricia López Arnaiz, Mikel Losada eta Jone Laspiu dira filmeko protagonista nagusiak.

Pelikula hau Gasteizen grabatu dute, eta 2018an izenburu berarekin ekoitzitako film laburrean oinarrituta dago. Hain zuen ere, 2009an Arabako hiriburuan gertatutako neska gazte baten desagerpena du ardatz. Zuzendariak berak idatzi du gidoia, Marina Paresen laguntzarekin.

Gainera, El Drogas, Natxo Leuzak zuzendutako lana estreinatuko da Zinemaldian, eta Zinemira sailean lehiatuko da Irizar Sarirako. Dokumentalak Euskal Herriko musikagintzan eta gazteleraz kantatutako rockaren historian ezinbesteko figura den Enrique Villareal txantrearraren figuran sakontzen du. EiTBk exkusiban eman zuen El Drogas pelikularen trailer ofiziala.

80 minutuko ikus-entzunezkoak El Drogas-en adierazpenak ez ezik, artxiboko irudiak, zuzenekoetako pasarteak eta inguruko kide nahiz lagunei egindako elkarrizketak biltzen ditu, horietan aipatzekoak Rosendo, Fito, Christina Rosenvinge, Carlos Tarque edo Kutxi Romero. Gainera, musikariaren familiartekoak ere ikusiko ditugu filman, haren bikotea edo Gari eta Arai semeak.

Hau guztiaz gainera, gaur beste zenbait lan ere ikusi ahal izango dira, txikienentzako Playmobil filma edo Alfonbra magikoa, eta Nora, EiTBk babesten duen eta Lara Izagirre zornotzarrak zuzentzen duen film luzea, besteak beste.