Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

 “Limbo”

"Jendea errefuxiatuengana hurbildu nahi genuen, pertsona bezala erakutsi"

Natxo Velez | eitb.eus

Ben Sharrock eskoziarrak bere bigarren film luzea aurkeztu du Zinemaldian: “Limbo”. Errefuxiatu talde baten zailtasun eta itxaropenei begiratzen die pelikulak, samurtasunez.

  • "Limbo"

    Uist uharteetan grabatu dute "Limbo". 2021eko udaberrian esreinatu nahi dute.

2015ean “Pikadero” aurkeztu eta gero, Ben Sharrock eskoziar zuzendaria eta Irune Gurtubai ekoizlea Zinemaldira bueltan dira 2020ko edizio honetan, New Directors atalean “Limbo” beren bigarren filma aurkezteko.

Salbuespenak salbuespen hedabideetako titularretan gaiari darizkion orokorkeria, presa eta azalekotasunetik ihesi, Sharrockek estilo bare eta amultsuz kontatzen du “Limbo”n Omar siriarraren istorioa. Familiarengandik bananduta bizi da, Eskoziako uharte urrun batean harrapatuta, asilo-eskaeraren zain.

Ez da bakarrik egongo, ordea: Omar eta bere pisukide berriak erabat gaizki ulertutako kontzientzia kulturaleko eskoletara joango dira, “Friends” telesailaren maratoi bat egingo dute, eta mikrofono irekiko gauean parte hartuko ote duten pentsatuko dute.

Irune Gurtubai ekoizlearekin hitz egin dugu, film honetaz.

2015ean, “Pikadero” estreinatu zenuten Zinemaldian bertan. Zer oroitzapen dituzue ordutik?

Oso oroitzapen onak ditugu. “Pikadero” gure lehen film luzea izan zen, eta hasieratik nahi genuen Zinemaldian estreinatu. Pila bat disfrutatu genuen, eta bai kritikak bai publikoak oso ondo hartu zuten.

Ateak ireki zizkigun ondoren etorri zenerako: beste jaialdi guztiak eta bigarren filma egin ahal izatea. Aurten, “Limbo” bigarren filma denez eta joan den astean Toronton estreinatu zenez, lasaiago egotea eta disfrutatzea espero dugu.

Beste plano batean garatzen da “Limbo”, “Pikadero”rekin alderatuta. Nondik sortu zen istorio hau kontatu beharra?

Ben Sirian bizi izan zen hango gatazka hasi baino lehen, eta lehendik ere arabiar politika ikasitakoa da. Betidanik izan du interes berezia.

Gatazka hasi zenean eta errefuxiatuen irudiak telebistan agertzen hasi zirenean, ez zitzaion iruditzen berak han ezagututako jendea eta egindako lagunak islatzen zituztenik. Pertsonak zenbaki huts bihurtzen ziren, eta narratiba horren gehigarria izan nahi izan du istorio honek.

Eskoziako uharte galdu batean filmatu zenuten pelikula. Nolakoa izan zen filmatzeko lana?

Oso zaila. Uist uharteak Eskoziako ipar-mendebaldean daude, eta, Eskoziako eguraldia berez txarra bada, atera kontuak bertakoa zelakoa den! Haize gogorra zebilen egunero, eta euria ere bai, egun gehienetan. Gainera, negua zenez, hotz handia egiten zuen.

Oso zaila izan zen baldintza horietan filmatzea, baina azkenean hori zen filmean erakutsi nahi genuena, eta uste dut igarriko dela.

Errefuxiatuen gaiari hari mutur askotatik hel dakioke, maila sozial zein humanoan. Zer begirada egin diozue errefuxiatuen gaiari?

Jendea errefuxiatuengana hurbildu nahi genuen, eurak pertsona bezala erakutsi, “etiketa” hori gabe. Zer da errefuxiatua izatea? Horrek definitzen al ditu pertsona bezala? Talde bezala aurkezten dizkigute beti, baina konturatu behar gara banakakoak direla.

Testuinguru ilun horretan, baina, umoreari tartea egiten dio pelikulak. Nola erabili duzue umorea filmean?

“Pikadero”n bezala, “Limbo”n gai soziala lantzen da, baina umorea erabiltzen dugu gai hori jorratzeko. Bizitza gazi-gozoa da, eta film hau ere halakoa da. Gai serioa izan arren, umorez tratatzea dago, errespetua galdu gabe.

Pelikula Torontoko zinemaldian erakutsi berri duzue. Zer erantzun jaso duzue?

Pixka bat arraroa izan da aurten Torontoko festibala, ezin izan baikara bertan egon. Baina oso erantzun ona jaso du “Limbo”k, asko gustatu zaio jendeari.

Kritika onak jasotzeaz gain, ahoz aho dabil, eta horrek poz handia ematen digu.

Zinemaldiaren ondoren, zinemaren industria dagoen moduan, zer bide aurreikusten diozue filmari?

Ikusi beharko da aurten zer gertatzen den, eta 2021 nola hasten den. Momentuz Donostiatik pasatu eta gero, Zürichen, Londresen eta Kairon izango da filma, eta festibal gehiagotatik bidaiatzen jarraituko du.

Espero dugu “Limbo” udaberrian estreinatzea zinema aretoetan. Ea denok formal portatzen garen eta ordurako gauzak hobeto dauden.