Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IRAILAK 25

Zinemaldia azken txanpan sartu da Viggo Mortensenen gau handiaren ostean

ANE SANTESTEBAN

Donostia Saria emateko ekitaldiak utzitako ajearen ondotik, Sail Ofizialean lehiatuko den "Antidisturbios" filma ikusiko dugu gaur. "Lobster Soup" lanak, berriz, Zinemira saila itxiko du.

  • "Antidisturbios" filmaren fotograma bat. Argazkia: ZINEMALDIA

    "Antidisturbios" filmaren fotograma bat. Argazkia: ZINEMALDIA

Viggo Mortensenek atzo Donostia Saria jaso eta gero, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa azken txanpan sartu da, eta jada gutxiago geratzen da aurtengo Palmaresa ezagutzeko. Bihar egingo da itxiera-gala, 20:30ean, eta bertan jakingo dugu norentzat izango den edizio honetako Urrezko maskorra, lehiaketako sari nagusia.

Donostia Saria emateko ekitaldiak utzitako ajearen ondotik, proiekzio berriak iritsiko dira gaur Zinemaldiko pantailetara. Sail Ofizialak, esaterako, Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios telesaila hartuko du, lehiaketatik kanpo programatutakoa. Rodrigo Sorogoyenek eta Isabel Peñak sortu eta Sorogoyenek berak zuzendutako telesailak Madril erdialdean etxegabetze bat gauzatzen duten istiluen kontrako sei poliziaren istorioa kontatzen du. Barne Arazoetarako talde batek ikertuko ditu gertakariak, eta istiluen aurkako sei polizia horiek zuhurtziagabekeriazko hilketa salaketa bati egin beharko diote aurre.

Rodrigo Sorogoyen zuzendariak sari garrantzitsu asko bildu ditu orain arte, besteak beste, hauek: Zuzendari Onenaren Goya Saria (El reino); Gidoi Onenaren Zilarrezko maskorra 2016an, Isabel Peñarekin batera, Qué Dios nos perdone lanagatik, eta Oscar sarietarako izendapena 2019an, Madre film laburragatik. Sorogoyen Donostiara itzuli da bere azken lana aurkeztera; kontakizun garaikide honek protagonisten giza erretratua, istiluen aurkako polizia talde bat eta horiek ikertzen dituen Barne Arazoetako agentea ditu protagonista.

Horrez gain, dokumentalak zuzentzen eskarmentu handia duten Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molesek (Castello, 1974) itxiko dute Zinemira saila, Lobster Soup proiektuarekin. 2018an, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Forotik igaro zen proiektu hori, eta Islandiako kafetegi pintoresko bateko parrokiarrei ahotsa ematen die.

Baina aurkezpen eta emanaldi gehiago ere izango dira gaur, besteak beste, João Paulo Mirandaren (Porto Feliz, Brasil) Memory House (Casa de Antiguidades) filmaren aurkezpena. Mirandaren lehen film luze hau New Directors sarietarako hautatu dute, Frantziako Tolosako 37. eraikuntzako zineman aukeratu zuten, eta Europako Banatzaile eta Erakusketen Saria jaso zuen bertan. COVID-19ak bertan behera utzi duen Cannesko jaialdiaren Sekzioa Ofizialean ere lehiatzekoa zen.

Badira bestelako aurkezpenak ere. Amanda Sans Pantlingek (Frágiles edo Songs of Redemption) zuzendutako eta Tous bitxi markaren ehun urteko historia biltzen duen Oso dokumentalaren aurkezpena egingo dute gaur Donostiako Zinemaldian. Victoria Eugenia Antzokian izango da.

Bestalde, Naomi Kawase (Nara, Japonia. 1969) zuzendariaren Asa ga kuru (True Mothers) filma nabarmendu daiteke, Donostiako Urrezko maskorra irabazi baitzuen Vision filmarekin.