Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Kritikarien saria

Thomas Vinterbergen 'Druk' pelikularentzat izan da 2020ko Feroz Zinemaldia saria

Agentzia | Erredakzioa

Sail Ofizialeko filmen artean hautatu dute kazetariek eta kritikariek. Danimarkarraren pelikula, gainera, Urrezko Maskorra irabazteko faboritoen artean dago.

  • Ania Jones eta Lara Perez Camiña banatzaileak.

    Ania Jones eta Lara Perez Camiña banatzaileak. Argazkia: EFE

Thomas Vinterbergek zuzendutako Druk (Another Round) pelikulak kritikariek eta prentsa espezializatuak ematen duten Feroz Zinemaldia saria eskuratu du. Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehiaketan dauden lanen arteko onena saritzen du Ferozek.

Sari ofizial bat irabazteko faboritoen artean dago Another Round. Pelikulan, lau irakaslek egun osoan zehar gorputzean alkohol tasa bat mantentzeko ustezko esperimentu soziologiko bat abiatuko dute, horrela bizitzako alde guztietan hobetu dezaketela erakutsi nahian. Esperimentuaren ondorioek betirako aldatuko dituzte.

“Thomas Vinterberg zuzendari daniarra, Mads Mikkelsen aktorearen antzezpen bikainaren laguntzarekin, alkohol ibai batean ibili da bakardadeari eta krisi existentzialari buruzko istorio korapilatsu bat sortzeko”, esan du Teresa Montoro Espainiako Zinema Informatzaileen Elkartearen presidenteordeak.

Saria Bteam Pictureseko Ania Jonesek eta Lara Perez Camiñak hartu dute. Horiek dira pelikula Estatu espainiarrean banatzeko arduradunak. Montorok eta Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariek eman dute saria. 2019an Lubaki amaigabea pelikulari esker eskuratu zuten sari bera. Momentu dibertigarria eskaini dute sari-ematean.

Aurreko urteetan, euskal pelikula horretaz aparte, honakoak izan dira irabazleak: Quién te cantará (Carlos Vermut), The Disaster Artist (James Franco), El hombre de las mil caras (Alberto Rodriguez), Truman (Cesc Gay) eta La isla mínima (Alberto Rodriguez).

AINCE Espainiar estatuko telebistan, irratian, prentsa idatzian eta Interneten zinemaz informatzen duten 230 kazetarik eta kritikarik osatzen duten talde bat da. 2014tik Espainiako pelikula onenak saritzen dituzte Feroz Sarien bitartez.