Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Amaierako gala

Pandemiaren Zinemaldiak gaur emango du Urrezko Maskorra

Mikel Dominguez | eitb.eus

Jendetzarik eta alfonbra gorririk gabeko eta izar gutxiagoko aste baten ondoren, 2020ko Zinemaldiak agur esango du. 20:30etan izango da, Kursaalean, eta zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.

  • Kursaal, Zinemaldian.

    Kursaal, Zinemaldian. Argazkia: EFE

Donostiako Zinemaldiak agur esango du gaur gauean, sariak emateko amaierako galan. Jendetza eta ustekabe handirik gabe, 2020ko Zinemaldi bereziak erakutsi du pandemia garaian ere kulturak bere lekua izan dezakeela.

Astebetez, irailean ohikoa den bezala, zinema mundua Donostiako pantailetara begira jarri da eta publikoa aretoetara joan da, erakutsiz osasun neurriak beteta ia dena dela posiblea. Eugene Green zuzendariaren anekdota desatsegina albo batean utzita –ez zien kasurik egin musukoa janzteko eskakizunei–, langileek zein ikusleek kontu handiz bete dituzte neurriak, zineak hiriko aretoak hartzea ahalbidetuz.

20:30etan ezagutuko dira irabazleak, Kursaalean. Gala zuzenean eskainiko dute ETB1en eta eitb.eus-ek. Luca Guadagnino buru duen Epaimahai Ofizialak ezagutara emango du palmaresa. Sei sari banatuko dituzte: Film onenaren Urrezko Maskorra; Zuzendari onenaren, Emakumezko aktore onenaren eta Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak, eta Argazki onenaren eta Gidoi onenaren epaimahaiaren sariak. Gainera, sari berezi bat ere emateko aukera du epaimahaiak.

Hamahiru pelikula daude lehian, eta orokorrean, maila altukoak izan dira: Akelarre (Pablo Aguero), Asa ga kuru (Naomi Kawase), Auzitegia 3H (Antonio Mendez Esparza), Crock of gold: A few rounds with Shane MacGowan (Julien Temple), Dasatskisi (Dea Kulumbegashvili), Druk (Thomas Vinterberg), Été 85 (François Ozon), Sutemose (Sarunas Bartas), Nakuko wa ineega (Takuma Sato), Nosotros nunca moriremos (Eduardo Crespo), Passion simple (Danielle Arbid), Supernova (Harry MacQueen) eta Wuhai (Zhou Ziyang).

Horietako bat nabarmendu da kritikarentzat besteen gainetik: Dasatskisi (Beginning), kiniela guztietan dagoen film georgiarra, emakumezko protagonista baten inguruan. Beste hiru ere aipatzeko modukoak dira: Druk (Another round), beti intoxikazio etiliko maila berari eustea erabakitzen duen irakasle talde bati buruz; Asa ga kuru (True mothers), seme-alaba bat adoptatzen duen bikote baten inguruan, eta Wuhai, Barne Mongoliako hiri txiki batean girotua, Txinan. Vinterberg eta Kawase, gainera, Donostian maitatua izaten den zuzendari talde horietakoak dira.

Ez dira sari bat irabazteko lehian dauden lan bakarrak. Izan ere, beste epaimahaiek ere, besteak beste, Kutxabank-New Directors Saria, Horizontes Saria eta Zabaltegi-Tabakalera Saria emango dituzte. Publikoak, gainera, Perlak saileko bere pelikularik kuttunena hautatuko du. Momentuz, Sundance jaialdian estreinatutako The Father (Florian Zeller) lana da faboritoa. Gazteek ere bat aukeratuko dute. Zantzu guztien arabera, Limbo (Ben Sharrock) izango da hautatua.

Sesio gutxiago izan dituen edizio batean, euskal zinemak bere lekua bete du, kalitatezko lanekin, Sail Ofizialean zein New Directors atalean. Edozein sailetako pelikulen artean bat aukeratuko dute Euskal Zinemaren Irizar Saria Maider Oleaga zinegileak, Irati Crespo kritikariak eta ikertzaileak eta Diego Soto Ortiz gidoilariak.