Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

68. edizioa

'Beginning' pelikula georgiarrak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

M. D. | eitb.eus

Dea Kulumbegashvili zuzendariaren filma izan da 2020ko irabazle argia. Sari nagusiaz gain, zuzendari onenaren, emakumezko aktore onenaren eta gidoilari onenaren sariak ere eskuratu ditu.

2:24
Dea Kulumbegashvili zuzendaria.

Dasatskisi (Beginning) film georgiarra nagusitu da Donostiako Zinemaldian, pelikula onenaren Urrezko Maskorra eta beste hiru sari irabazita: zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren saria. Kiniela gehienetan zen faboritoa Dea Kulumbegashvili zuzendariaren lana, eta, azkenean, kritikarien aurreikuspenak bete ditu epaimahai ofizialak.

"Ezusteko pelikula izan da, benetako zinema momentu bat, garrek pantaila hartzen duten horietako bat", esan du epaimahaiaren presidente Luca Guadagnino italiarrak jaialdiko sari nagusia ematean.

Saria jaso dutenean, produktoreek Dea Kulumbegashvili zuzendariaren "ikuskera zabala" goraipatu dute. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso du Kulumbegashvilik. Lan hori prestatzeko bost urte eman ditu.

Dea Kulumbegashvili zuzendaria, bere Zilarrezko Maskorrarekin. Argazkia: EFE

Herri txiki batean gertatzen da istorioa, eta Jehovaren lekukoen artean harrapatuta geratzen den emakume bat da protagonista. Filmak, gainera, genero indarkeriaren edo fanatismoaren gaiak jorratzen ditu.

Ia Sukhitashvili da protagonista, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi du.

Arestian aipatutako zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorraz gain, gidoi onenaren saria ere eskuratu du Kulumbegashvilik. Orotara, lau sari ofizial eskuratu ditu Beginning pelikulak, eta, horrenbestez, Zinemaldiko errekorra lortu du.

Epaimahai ofizialak, gainera, Sari Berezi bat ematea erabaki du. Donostian egon den Johnny Deppek ekoiztutako dokumentalarentzat izan da, A crock of gold: A few rounds with Shane MacGowald, The Pogues taldearen abeslariari buruzkoa. Julien Temple zuzendariak fikzioa eta dokumentalaren artean alderik ez dagoela esan du, edozein filmek nahi duen tokira eraman ahal zaituelako.

Takuma Satok zuzendutako Nakuko wa ineega (Any crybabies around?) pelikulak eskuratu du argazkilaritza onenaren saria, Yuta Tsukinagaren lanagatik.

Gainera, lau aktorek (Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe) irabazi dute aktore onenaren Zilarrezko Maskora. Druk filmeko protagonistak dira, eta bideo batean bidalitako mezu batean edari alkoholikoekin topa eginez ospatu dute. Hain zuzen ere, alkohola da pelikularen gai nagusia.

Sail Ofizialaz aparte

Kutxabank-New Directors saria Isabel Lambertiren lehen film luzearentzat izan da, La ultima primavera. Errealitatea eta fikzioaren arteko nahasketa inteligente hau "behaketa ariketa fin bat" da, Madrilgo auzo marjinal batean bizi den ijitoen familia bat erdigunean jartzen duena. Familia horietako kide asko, hain zuzen, estreinaldian izan ziren. Zinemaldian film labur bat estreinatu zuenetik jasotako babesa eskertu dio zuzendariak jaialdiari.

Dong Xingyiren Slow singing pelikulak aipamen berezia jaso du.

Horizontes saria Fernanda Valadez mexikarraren Sin señas particulares filmarentzat izan da. Zuzendariak esan duenez, mundu hobe bat lortzeko beharrezkoak diren elkarrizketetan aletxo bat jartzeko gaitasuna dauka zineak. Horrez gain, Clarisa Navasen Las mil y una pelikulari aipamen berezia egin diote.

Zabaltegi-Tabakalera saria Catarina Vasconcelosek eskuratu du, A metamorfose dos passaros pelikula ederragatik. Familia bateko belaunaldietan zehar eginiko bidaia da. Zuzendariarentzat "ohorea" izan da Donostian izatea. Hong Sang-sooren Domangchin yeoja pelikulari ere aipamen berezia egin diote.

Donostiako Hiria Publikoaren saria The Father pelikulak eskuratu du. Florian Zeller zuzendariak mezu batean gogorarazi du zinema aretoak "publikoak berriro betetzearen zain" daudela.

Euskal zinema

Euskal Zinemaren Irizar Saria David Perez Sañudok irabazi du, Ane pelikularekin. Abiadura handiko trenaren protesten gaia jorratzen du, eta Aneren ama da protagonista. Zuzendari bilbotarrak talde osoari eskaini dio saria. "Plazer handia da hemen egotea", onartu du.

Gainera, Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek Mikel Zabalza nafarraren desagerpenari buruz egindako dokumentalak, Non dago Mikel?, aipamen berezia jaso du.

Sarien banaketarekin batera amaitu da aurtengo edizio berezia, pandemia garaian ere kulturak bere lekua izan dezakeela erakutsi duena.

Astebetez, irailean ohikoa den bezala, zinema mundua Donostiako pantailetara begira jarri eta publikoa aretoetara hurbildu da. Argi geratu da, beraz, osasun neurriak beteta ia dena dela posible. Eugene Green zuzendariaren anekdota desatsegina albo batera utzita –ez zien kasurik egin musukoa janzteko eskakizunei–, langileek zein ikusleek kontu handiz bete dituzte neurriak, zineak hiriko aretoak berriz ere jantzi ahal izateko.