Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. edizioa

Donostiako Zinemaldiak ez du genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan

N. V. | EITB Media

Sigourney Weaver izango da 69. edizioaren kartelaren protagonista. Pandemiaren bilakaerari begira oraindik ere, Belodromoan ez da saiorik izango eta ez da itxiera eta irekiera festarik egongo.

1:25
Sigourney Weaver, aurtengo kartelaren protagonista

Irailean egingo duten 69. edizio honetatik aurrera, Donostiako Zinemaldiak ez du genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan. Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorraren eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorraren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra emango dituzte.

"Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politiko bat– antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, eta horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlingo zinema-jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik", azaldu du José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak.

Araudia aldatzeak aukera ematen du genero maskulinokoak edo femeninokoak ez diren beste identitate batzuk aintzat hartzeko, Zinemaldiaren hitzetan, eta taldeko interpretazioen lana aintzatesten du, gainera; normalean, ez dute saririk izaten zinema-jaialdietan. Sari horiek ex aequo eman ahalko dira.

Sigourney Weaver

Bestalde, Sigourney Weaver aktorea izango da Donostia Zinemaldiaren –irailaren 17tik 25era egingo da– 69. edizioaren kartel ofizialaren protagonista. Irudiak aktore estatubatuarraren zuri-beltzeko argazki bat agertzen du, pintzelkada koloretsuekin apainduta. Eva Villar donostiarrak egin du irudia, Matthew Brookesen argazki batetik abiatuta.

Weaverrek Alien (1979) filma aurkeztu zuen Donostian, Zinemaldirako lehen bisitan. Harrezkero, beste bitan izan da Zinemaldian aktorea. Sail Ofizialean aurkeztu zituen, jada nazioarteko izar bihurtuta, A Map of The World (1999) eta A Monster Calls (2016). Azken horretan, Donostia saria jaso zuen, gainera, ibilbide osoaren aintzatespen modura.

2021eko Zinemaldia

2021eko Zinemaldia

Pandemiari begira, aurtengoa zehazteko

Pandemiaren bilakaera nolakoa den, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizioa, gaurko aurkezpenean esan dutenez. Murrizketa sanitarioak egongo dira oraindik; iaz bezala, aurten ere ezingo da belodromoa erabili zinema areto erraldoi gisa, eta ez da ez inaugurazioko, ez itxierako festarik egongo.

"Espero dugu iaz baino emanaldi gehiago eman ahal izatea eta gehieneko edukierak handitu ahal izatea, baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratu ere. Azken batean, nahiko genuke aurtengoa, pertsona askorentzako kezka eta sufrimendu handiko urte luze baten ondoren, berriz hirira ilusioa ekarriko duen Zinemaldia izatea", esan du Jose Luis Rebordinosek.