Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

2021/09/19

07:23

Zinemaldia

Elkarrizketa

Javier Corcuera: "Film punk landatarra da 'No somos nada'"

Natxo Velez | EITB Media

Javier Corcuera zinemagileak "No somos nada" aurkeztu du Zinemaldian, La Polla Records arabar punk taldearen ibilbidea birpasatzen duen dokumentala.

  • Javier Corcuera "No somos nada" dokumentalaren zuzendaria

    Javier Corcuera "No somos nada" dokumentalaren zuzendaria

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nola iritsi dira Aguraingo bost mutiko berrogei urte geroago, agur biran, pabiloiak betetzera eta jende askoren bizitzan eta hezkuntzan funtsezkoak izan diren kantuak sinatzera? Javier Corcuera zinemagile saritua (Lima, 1967) galdera horri erantzuten saiatu da "No somos nada"n, La Polla Records taldeari buruzko dokumentalean, EITBren parte-hartzea duen eta Zinemaldian estreinatutako lanean.

Corcuerak berrogei urteko musika ibilbidea zeharkatzen du Evaristo Páramos La Polla Recordsen abeslariaren abiadura biziko kontakizun liluragarriaren eta Abel Murua baxu-jotzailearen mintzaldi pausatuagoen bidez. Solasen lagun, nola ez, taldearen kontzertuen irudi eta soinuak ageri dira, nola 2019 eta 2020. urteetan egindako biran zehar hartutakoak, hala antzinako emanaldietakoak.

Javier Corcuerarekin hitz egin dugu ("La espalda del mundo", "Invierno en Bagdad", "Checkpoint Rock" Fermin Muguruzarekin batera eta "Invisibles" Isabel Coixet, Wim Wenders, Fernando León de Aranoa eta Mariano Barrosorekin batera) amets bete, kontzertu, gertakari irrigarri eta hausnarketen errepaso honetaz.

Zer helburu dago "No somos nada"ren atzean?

Egia esan, La Polla Records, taldearen hitzak eta doinuak, beti egon dira nire bizitzan, oso gazte nintzenetik. Ni Perun bizi nintzen, eta La Polla Recordsen zintak bertaraino iristen ziren.

Gero, Madrilera ikastera etorri nintzenean, zuzenean ikusi ahal izan nituen eta behin eta berriro itzuli dira niregana. Haztean lagun izan nuen erreferente bat dira. Beraz, oparia izan da benetan pelikula hau egitea, esperientzia paregabea.

Lantaldean, denak ziren taldearen jarraitzaileak. Horregatik, oso lotura indartsua izan dugu proiektuarekin. Ahalegin kolektibo handi baten emaitza da pelikula.

La Polla en directo, en 'No somos nada'

Nola aldatu da Evaristoren gainean zenuen iritzia agertokietatik kanpo lasaiago ezagutu eta gero? Zer alde dago Evaristo abeslariaren eta Evaristo solaskidearen artean?

Egia esan, oso berezia izan da gertu-gertutik ezagutzea eta eguneroko bere joan-etorrietan laguntzea, taldeari, bizitzari eta gaur egungo munduari buruz hitz egitea.

Azkenean, hitzez eta kantuez haratago, mundu osora iritsi den herriko jendea da, sortzen jarraitzen duena. Oso atsegina izan zen Evaristorekin eta Abelekin egotea.

Zein neurritan aldatu da hasierako ideia kontzertuak filmatu eta elkarrizketak egin eta gero, batez ere kontuan izanda nekez aurreikus daitekeela Evaristo bezalako solaskide interesgarri batek zer esango duen?

Egia esan, ez zegoen gidoi zorrotzik. Gero landu dugu gidoia, muntatzeko orduan. Abiapuntu batzuk zeuden soilik: Evaristorekin lehenengoz elkartu ginenean, mendi bueltan lagundu genion, eta filmaketan ohitura bihurtu ziren mendiko paseo horiek. Horrek berak, bide batez, nolabaiteko egitura eman dio pelikulari.

Istorioa gidoi itxirik gabe filmatu dugu. Abelen eta Evaristoren kontakizunen gainean eraiki dugu, eta agur bira bilgarria besterik ez da. Pelikularen benetako gaia taldearen historia da, baita Evaristok eta Abelek egungo beren bizitzei buruz kontatzen digutena ere.

Evaristok berak txantxetan esaten du "materiala atera aurretik goitik behera errepasatu" egingo duela "zentsuratzeko". Halere, gero parez pare ireki dizue bere bizitzako atea: ama irteten da, alaba txikia… Nola izan da zirkulu horretan sartzeko prozesua? Nola kudeatu duzue?

Modu naturalean etorri zen. Hainbat bisita egin genituen, eta Evaristo ehuneko ehunean murgildu zen filmaketan. Asko filmatu dugu Evaristo eta Abelekin, eta dena berez etorri da.

Pixkanaka-pixkanaka, pelikula egiteko ideia bere egin zuten, eta eraikitzen lagundu zuten. Ez dute baldintzarik jarri. Eman nahi izan diguten guztia jaso dugu pelikula egiteko.

Filmean, La Pollaren kontzertuen energia jasotzen saiatu zarete. Nola egiten da berez iheskorra eta errepikaezina den une bat kamera baten bidez ehizatzeko? Evaristok kontzertuei buruz ari dela esaten du hitzetan jartzeak dena okertzen duela, eta ez dakit irudiekin ere gauza bera gertatzen ote den…

Izan ere, Evaristok esaten duen bezala, sentipen bati buruz ari gara, kontatzean okerrera egiten duen une emozional bati buruz.

Baina filmatzea ezberdina da, bertan gelditzen delako, hor dagoelako betiko. La Polla Recordsen kontzertuetako energia eta indarra izugarria da, eta publikoa pelikulan ageri behar zen, taldearen zati bat baita.

La Polla Rercords, en directo en Vitoria

La Polla Rercords, Gasteizen zuzenean

Hori bai, modu ez ohikoegian filmatzen saiatu ginen. Kantu batzuk agertokiaren atzetik filmatu ditugu, beste batzuk azken ilaratik… Eta interesgarria iruditu zitzaidan kontzertuak tartekatu eta gurutzatzea ere, dena kronologikoa izan ez dadin. Horrela, kontzertu ezberdinak ez ezik, garai ezberdinetako kontzertuak ere nahasi ditugu.

Interesgarria zen egungo emanaldi bat ikusten egon, eta Fernanditoren eta Charlyren garaiko plano batzuk tartekatzea.

Punk eta Do It Yourself mugimenduak beti egon dira musikarekin lotuta, bat-batekoa delako agian, ez horrenbeste zinemarekin. Zer isla du filosofia punk horrek zineman?

Ez dakit zer esan, baina oso zinema gerrillari eta undergrounda egon badago, eta taldeei buruzko pelikula piloa egin da.

Pelikula honetan saiakera bat egin dugu, halere, eta filmatzeak berak pelikularen generoa emateko ahalegina izan da. Eta film punk landatarra da emaitza, pelikularen zati handi bat euskal mendietan gertatzen baita, Evaristorekin batera egindako mendi bueltetan.

Evaristo, en 'No somos nada'

Evaristo, 'No somos nada'n

Donostiako Zinemaldian estreinatu duzue filma. Zer opa diozu Zinemalditik eta aretoetatik egingo duen ibilbideari begira?

Zinemetara azaroan iritsiko da, seguru asko. Publikoak gozatzea gustatuko litzaidake, barre egitea ahalbidetzen duen eta hausnarketara bultzatzen duen pelikula baita.

Pozik nago taldekideei eta horien ingurukoei asko gustatu zaielako. Talde hau zer izan den, hainbat belaunaldirentzat zer ordezkatu duen erakusten duen dokumentua izango da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;