Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemira saria

"Kimuaken bidelagun guztientzako saria da Zinemira"

Natxo Velez | EITB Media

Kimuak euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko katalogoak Zinemira saria jasoko du gaur gauean Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan.

  • Estjer Cabero Kimuaken koordinatzailea eta Txema Muñoz arduraduna

    Estjer Cabero Kimuaken koordinatzailea eta Txema Muñoz arduraduna

Edozein formatutan ezer sortzea ez da erronka makala. Ezerezetik zerbait asmatzeko, jakintza, bitartekoak, grina eta denbora behar dira gutxienez; lantegi gaitza da. Behin sormen lana eginda, baina, publikoari erakutsi behar zaio, eta horretarako ahalmena ez dago askotan sortzailearen esku.

Horren jakitun, euskal film laburren esparruan, Kimuak programa sortu zuen 1998an Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren eta Zineuskadiren laguntzarekin, euskal film laburrak sustatzeko eta nazioartean zabaltzeko.

Epaimahai independente batek hainbat lan hautatzen ditu urtero, bilduma bat sortu eta han-hor-hemen Kimuak katalogoaren bermearekin aurkezteko. Zigilu horren pean erakutsi dituzte beren lanak Raul de la Fuentek, Izibene Oñederrak, Moriartitarrek, Ione Hernandezek, Koldo Almandozek, Begoña Vicariok, Oskar Santosek, Igor Legarretak, Maria Elorzak, Koldo Serrak, Isabel Herguerak…

Txema Muñoz programaren arduradunarekin eta Esther Cabero koordinatzailearekin hitz egin dugu, saria jasotzeko atarian.

Nola hartu duzue Kimuakek, zuen proiektuak, Zinemira saria jasoko duen albistea?

Ilusio handia egin digu, batetik, sektoreak berak ematen duelako, eta, bestetik, Kimuakek dituen bidelagun guztientzako saria delako.

Programak dituen 23 urteetan, erakundeen, sortzaileen eta erakusleen laguntza baldintzarik gabekoa izan da, eta, beraz, Zinemira saria sare horren guztiaren aintzatespena iruditzen zaigu.

1998an jaio zen Kimuak. Nola aldatu da panorama film laburren euskal egile batentzat hogeita hiru urteren buruan?

Gaur egun, jaialdiak dira film laburren erakusleiho nagusia, hori ez da ia aldatu. Aurrerapen teknologikoek zinema baldintza hobeetan banatu eta erakusteko erraztasun ugari ekarri dizkigute, kostuak merkatu egin dira eta mugak desagertu.

Plataformek aurkezten diguten erronkari aurre egin behar diogu orain: egileentzako baldintza kualitatibo onak bermatu behar ditugu, eta haien lanak eskaintza gero eta zabalagoan ez galtzea ziurtatu.

Zer bilatzen du bost laguneko epaimahaiak Kimuaken izena eman duten film laburretan, saridunak, azkenean katalogoan sartzen direnak, aukeratzeko?

Funtsezko premisa kalitate orokorra balioztatzea da. Epaimahaia aurrez aurre biltzen da, eztabaida irekia izan dadin. Behin zerrenda mugatuta, forma, genero, hizkuntza eta bestelako irizpideez baliatu daitezke behin betiko aukeraketa ahalik eta orekatuena eta adierazgarriena izan dadin.

Kimuak

Kimuak

Formatuen, generoen eta abarren arteko muga zurrunak hausten doazen heinean (hala da, ezta?), aldatu da publikoak film laburren gainean duen ikuskera?

Hala da, bai, genero ezberdinekin jokatzea gero eta ohikoagoa da eta sortzaile askok arrisku handiak hartzen dituzte zentzu honetan.

Halaber, film laburrena esperimentaziorako eremua izan da beti. Gure zinematografia aberasteaz gain, publiko zabalago batera iristea ere ahalbidetzen digu horrek, forma tradizionalagoak ere berdin ekoizten baitira.

Bestalde, esan genezake film labur bat ikusten duenak jarrera irekiagoa duela pantailaren aurrean jartzen den unean, beste luzera eta formatu batzuk ikustera joaten denean izaten duenarekin alderatuta.

90eko hamarkadaren amaieran film laburren arloan bizi izan zen oparotasuna beste esparru batzuetara ere lerratu da azkenaldian. Nola ikusi duzue euskal zinemaren azken urteotako goraldi eta nazioarteko aintzatespena kate horretan dagokizuen talaiatik?

Gaur egungo emaitza onak inbertsio luze eta etengabe baten ondorio dira. Banaketaren aldeko laguntza, Kimuak kasu, ekoizpenaren etapa desberdinetan ematen diren dirulaguntzekin, mentoretza eta egoitza programekin, hedapen ekimenekin eta abarrekin osatzen da, baita sortzaileen eta teknikarien prestakuntza gero eta espezializatuagoarekin. Sakoneko lana da, eta alderdi guztiak dira beharrezkoak mailari eusteko.

Zein da euskal zinemaren egungo osasuna, zuen ikuspegitik?

Sormen aldetik, oso ona. Urtero ekoizpen berriak kaleratzen dira, nazioartean zabalkundea daukatenak.

Nazio txiki baterako, zifra altuak dira, gainera. Beste kontu bat da sektorea ez dela erabat profesionalizatzera iritsi, eta laburren kasuan, hainbatetan prekarietatea dela nagusi egun ere. Euskal erakundeek ematen duten laguntza ikaragarria da, baina sektorea industrializatzea funtsezkoa da prozesu honetan.

Donostiako Zinemaldian jasoko duzue Zinemira saria. Zer eragin du euskal zinemagileentzat eta euskal ikus-entzunezkoen sistemarentzat Donostiakoaren tamainako zinema-jaialdi bat alboan izateak?

Ekosistema osatzen laguntzen du, eta exijentzia maila altua eskatzen digu eragile guztioi. Donostiakoa bezalako lehen mailako jaialdi batek, nazioarteko erakusle den heinean, proiektuen idazketa fasetik dauka eragina, eta bitarteko pauso guztiak lagunduta egotea ere bultzatzen du.