Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

69. EDIZIOA

Alina Grigorek zuzenduriko "Crai nou" lanak eskuratu du 2021eko Urrezko Maskorra

AGENTZIAK | EITB Media

Hain zuzen ere, emakume gazte batek gizatasuna galtzeko prozesuan izandako bilakaera psikologikoa azaltzen digu filmak. Goi-mailako hezkuntza lortzeko eta bere familia disfuntzionalaren indarkeriatik ihes egiteko borrokan ari da protagonista.

1:43
Alina Grigoreren

Alina Grigore antzezleak zuzendutako "Crai nou" filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioko Urrezko Maskorra, eta Lucile Hadzihalilovicen "Earwig" filmak Epaimahaiaren aipamen berezia jaso du.

Hain zuzen ere, Edurne Ormazabal kazetariak eta Alberto San Juan aktoreak aurkeztu dute Zinemaldiaren itxiera ekitaldia. Palmaresa irakurri ostean, Luis Monzon zuzendariak "Las leyes de la frontera" filma aurkeztu du, filmaren lantaldearekin batera. Hai zuzen ere, filma, Javier Cercasen izen bereko eleberriaren egokitzapena da.

Gauzak horrela, Alina Grigorek irabazi du 2021eko Urrezko Maskorra, "Crai nou" filmagatik. Zuzendariak adierazi duenez, "emakumeen sormena eta, oro har, sormena garatu nahi duten artista guztiei egindako omenaldia da sari hau".

Epaimahaiak, Sari Berezia eman dio Lucile Hadzihalilovicen "Earwig" lanari. Zinegileak eskerrak eman dizkio epaimahaiari "film isila, iluna, luzea eta gidoirik gabea saritu izanagatik".

Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra Tea Linderburghek irabazi du, "Zeruan legez" lanagatik. Zuzendariak aitortu duenez, "inoiz ez du ezer irabazi", eta sari hori "zoragarria da".

Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra, lehen aldiz genero bereizketarik gabe, Flora Ofelia Hofman Lindhalentzat izan da "Zeruan legez" filman egindako lanagatik eta Jessica Chastainentzat "Tammy Fayeren begiak" pelikulan egindako interpretazioagatik. Biek 'ex aequo' lortu dute saria, eta eskutik helduta sartu dira agertokira. Hofmanek adierazi duenez, "ametsetan balego bezala" sentitu da, eta eskerrak eman dizkie bere familiari eta Tea Lindeburg "Zeruan legez" filmeko zuzendariari, berarengan "sinesteagatik".

Chastainek, berriz, euskaraz eskertu du saria. Nabarmendu duenez, "Tammy Fayeren maitasunak itxurakerietatik eta maskaretatik haratago joan behar dugula gogoraraziko digu, eta atzean dagoen emakumea aitortu".

Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria Terence Davisentzat izan da, "Benediction" lanagatik, eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Jonas Truebaren "Quien lo impide" film luzeko antzezle-taldeak irabazi du.

Candela Reciok, filmean aritzen diren 200 gazte baino gehiagoren izenean, adierazi duenez, "esandako hitzak entzuten direla sentitzen dugu sari honekin".

Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Claire Mathonentzat izan da, Thierry de Perettiren "Estatu eskandalu bati buruzko ikerketa" lanagatik. "Claire Mathonekin, Frantziako zinemako artistarik garrantzitsuenarekin, kolaboratzeko zortea" izan duen "hirugarren aldia" dela adierazi du zinemagileak, eta film honek asko zor diola zpimarratu du.

Kutxabank-New Directors saria Lena Lanskih errusiarrak irabazi du "Unwanted" lanagatik, eta Silvina Schnicer eta Ulises Porraren "Carajita" lanak aipamen berezia jaso du. Lanskihen hitzetan, "filmatzen, idazten eta sortzen jarraitzeko inspirazio eta motibazio handia da".

Zabaltegi-Tabakalera Saria, berriz, Gaspar Noeren "Vortex" lanarentzat izan da, eta "bizitza txiste bat" dela esan du, baina "zenbait film barregarriren ostean serioren bat egitea" espero du, eta sariagatik asko poztu dela gaineratu du.

Orona-Nest Saria Sara Grguricen "In the Woods" film laburrarentzat izan da, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria Iciar Bollainen "Maixabel" lanak irabazi du. Koldo Zuazua ekoizleak jaso du saria, eta eskertuta agertu da "une ahaztezin" honengatik. Hala, "bizikidetzaren aldeko apustua" izan ziren Langraiz Bideko topaketak abiatu zituztenei eskaini die saria.

Emmanuel Carrereren "En un muelle de Normandia" filmak jaso du Europako film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta Daniel Bajok Juan Pedro Martin 'Pucho' Vetusta Morla taldeko abeslariaren eskutik jaso du saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria "Petite maman" filmarentzat izan da.

Tatiana Huezoren "Noche de fuego/Prayers for the Stolen" filmak bi sari jaso ditu: RTVE-Beste Begirada Saria eta Espainiako Lankidetza Saria. Zuzendaria oso hunkituta agertu da, eta filma "Mexikoko leku askotan gertatzen ari denaren lekuko" dela esan du, eta saria "euren alabak bakarrik eta itxaropen, askatasun eta berdintasun haziak ereiten hazten dituzten ama guztiei" eskaini die.

Hirugarren urtez jarraian, lehenbiziko film batek eskuratu du Urrezko Maskorra: 2019an, Paxton Winters egilearen "Pacified" lanak irabazi zuen, eta 2020an, berriz, Dea Kulumbegashvili zinemagilearen "Beginning" obrak. Hain zuzen ere, azken zuzendari hori izan da aurtengo edizioko epaimahaiburu ofizial, eta erabaki dute Zinemaldiaren sari gorena "Crai nou" filmari ematea. Errumaniako produkzio batek lehenbizikoz irabazi du Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.

Orobat, beste hasiberri batek eskuratu du Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra: Tea Lindeburg daniarrak, Du som er i himlen / As in Heaven, filmarekin. Kasu honetan ere, lehenbiziko aldia da errealizadore daniar batek sari hori eskuratzen duena.

Klausurako ekitaldian, aurkezleek publikoaren babesa eskertu dute: "Beste urte batez, Donostia Zinemaldiak aurrera begira jarraitzen du, eta bere historia idazten segitzen du. Baldintzarik eroso eta onenetan ez izan arren, bagoaz aurrera, arestiko jairik eta gertutasun fisikorik gabe oraindik, baina gertutasun hori zinemaren besarkadaren bitartez gauzatuz. Jaialdi honetan ezer konstanterik bada, publikoaren partaidetza eta leialtasuna nabarmendu behar dira. Mila esker zuen ereduagatik. Eskerrik asko".