Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

2021/09/21

23:04

Zinemaldia

Euskal Zinemaren Gala

Kimuak etengabe erne direla ospatu du euskal zinemak

N. V. | EITB Media

Victoria Eugenia antzokiak hartu duen Euskal Zinemaren Gala arras musikatuan, Kimuak euskal film laburrak munduratzeko programa saritu dute.

Esther Cabero eta Txema Muñoz, saria jasotzen
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Belako taldearen zuzeneko musikak, "Bele beltzak" kantuaren zuzeneko interpretazioak, ireki du gaur gauean, ohi duenez, euskal zinemak Zinemaldian bere buruari eskaini dion jaia, Euskal Zinemaren Gala. Eta musikarien hautua ez da ausazkoa izan: "Pandemic Tour 2020 Belako" dokumentala aurkezten dihardu mungiar laukotea gaur bere bidearen erdialdera iritsi den Zinemaldian, pandemia betean autozineetan eginiko biraren inguruko pelikula.

Guztira, Belakoren hori kontatuta, hamazazpi euskal film (hamahiru film luze, film labur bat, "Irabazi arte" ETBren telesaila, ekoizpen-fasean dagoen film bat eta proiektu bat) proiektatuko ditu guztira Zinemaldiak aurtengo edizioan, 69.ean, horietako batzuk euskal gatazkari lotutakoak. Horren erakusgarri, lan horietako hiruren ordezkariek hitza hartu dute gaurko ekitaldian, zinemak unean uneko garaiaren lekukotasuna uzteko duen balioa goresteko: Martxelo Otamendik, Maixabel Lasak eta Eneko Etxeberriak.

Musikari, euskal gatazkari eta bestelako gaiei buruzko dokumentalak (Aitor Merinok, Maru Soloresek eta Maider Oleagak hitz egin dute) eta fikziozko lanak (Sara Cozar, Aitziber Garmendia eta Naiara Arnedo "Erlauntza" filmeko protagonistetako batzuen eskutik) errepasatuta, baina, film laburrek hartu dute galaren protagonismoa, gaurko gauari hala baitzegokion Kimuak euskal film laburrak zabaltzeko programaren arduradunek Zinemira saria jaso baitute, hogeitaka urtez gure zinemagile, aktore eta teknikarien lana hedatzeko egindako lanari esker onez.

Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok, Borja Cobeagak, Koldo Serrak, Ione Hernandezek, Koldo Almandozek, Asier Altunak, Pablo Malok, Begoña Vicariok eta Isabel Herguerak, urte hauetan Kimuaken bultzada jaso duten zinemagileetako batzuek, esker ona agertu diote ekimenari, hogei urte baino gehiagoko bidea laburbildu duen bideo batean, eta jarraian Esther Caberok eta Txema Muñozek, Kimuaken koordinatzaileak eta arduradunak, Zinemira saria jaso dute Ione Hernandezen eta Borja Cobeagaren eskutik.

EPE eta IBAIA ekoizle elkarteek eta Donostiako Zinemaldiak ematen duten ohorezko saria da Zinemira, eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du (hemendik aurrera, baita elkarteena ere). Orain arte, hauek nabarmendu dituzte sari horrekin: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramon Agirre (2018), Txepe Lara (2019) eta Sara Bilbatua (2020).

Film laburrak ardatz izan dituen gala ez luzatze aldera, Asier Altunak hartu du hitza jarraian, "Hondalea" gala amaieran proiektatu duten lana aurkezteko. Bergarar zinemagileak dokumental horretan bildu du Cristina Iglesias donostiar eskultoreak hiriko Santa Klara uhartean egin duen instalazioaren sormen lana, eta gaur izan da estreina, galara bertaratutakoen gozagarri.

Argiak amatatu aurretik, "The craft" Belakok zuzenean jo duen kantuak itxi du gala.  

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;