Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

70. edizioa

Maria Elorza Zinemaldiko New Directors sailean lehiatuko da

N. V. | EITB Media

Euskal zinemagilearen "A los libros y a las mujeres canto" filmaz gain, Donostiako Zinemaldiak aurkeztu ditu zinemagileen lehen eta bigarren filmak biltzen dituen saileko beste hainbat ale.

  • "A los libros y a las mujeres canto" Maria Elorzaren filma

    "A los libros y a las mujeres canto" Maria Elorzaren filma

Donostiako Zinemaldiak Kutxabank-New Directors sailean lehiatuko diren hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpen aurkeztu ditu gaur, Gipuzkoako hiriburuan bertan. Horietatik hamabi opera prima-k dira, eta bat egilearen bigarren filma.

Zinemaldiaren sail horretan, zinemagileen lehen edo bigarren filmak biltzen dituzte, eta 50.000 euroko saria dago jokoan. Atal horretako filmak Gazteriaren TCM saria, Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen duen aintzatespena, lortzeko hautagai ere badira.

Jeanne Aslan turkiarrak (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarrak (Versalles, 1971) Fifi / Spare Keys elkarrekin zuzendu duten lehen filma erakutsiko dute: udan bere lagun baten anaiarekin harreman bat hasiko duen nerabe baten istorioa.

Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) La hija de todas las rabias aurkeztuko du, zabortegi batean bizi den zortzi urteko neskato baten gaineko kontakizuna.

Bestalde, Ion Bor¿ Moldaviako Errepublikako zuzendariak (Chisinau, 1990), Carbon 90eko hamarkada hasierako Transnistriako gerran girotutako komedia beltzarekin hartuko du parte.

Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzearekin lehiatuko da, Den Store Stilhed / The Great Silence izenekoarekin, eta Dinara Drukarova Frantzian bizi den aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976) Grand Marin aurkeztuko du, dena utzi eta arrantza-ontzi batean Ipar itsasora abiatzen den emakume baten istorioa.

Carmen Jaquierrek (Geneva, 1985) Foudre / Thunder film luzea erakutsiko du Donostian, eta Ji-hye Jeong zuzendariak (Busan, 1995) Jeong-sun filma. Fabrikako lankide batekin ezkutuko harreman bat hasiko duen emakume bati buruzko film honek Koreako Jeonjuko zinema jaialdiko saria irabazi zuen.

Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) ere bere lehen film luzea ekarriko du Donostiara, Nagisa, zorigaitzak banandutako anaia-arreba batzuen maitasun-istorioa, eta Rocío Mesa zuzendari eta ekoizleak (Granada, 1983) Secaderos errealismo magiko kutsua duen  filmarekin hartuko du parte New Directorsen.

Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak Miyamatsu to Yamashita / Roleless aurkeztuko du, zinemako estra moduan ere lan egiten duen teleferiko bateko langile baten gorabeherei buruzkoa.

"A los libros y a las mujeres canto"

Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993) Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond filma aurkeztuko du, Josip Žuvan  kroaziarrak (Trogir, 1987) Garbura / Carbide eta, esan bezala, Maria Elorzak (Vitoria-Gasteiz, 1988) A los libros y a las mujeres canto, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabeari buruzko pelikula.

Gaztelaniaz eta italieraz filmatu dute Elorzaren pelikula, Gipuzkoan (Donostia, Zarautz, Pasaia), Nafarroan (Esparza, Turrillas), Bilbon, Madrilen, Suancesen eta Italian (Sardinia, Herculano, Monte Vesubio, Napoles), 72 minutuko iraupena du, eta horrela laburtzen du zuzendariak: "Virgiliok armei eta Gizonari abestuko ziela esanez hasten zuen Eneida. Film honen izenburuarekin bertso horri keinu bat egin nahi genion. Izan ere, gure asmoak ia aurkakoak izan arren, iraganeko tradizioarekin ere hitz egin nahi dugu. Pelikula hau lau pertsonaien eta bere liburuen erretratua da. Irakurtzen eta ikasten eman dute bizitza, hau da, ondare oso baliotsua zaintzen. Film honekin geure buruari galdetzen diogu literaturak, zinemak edo irudiek nola lagun diezaguketen bizitzen, nola egin gaitzaketen askeago, irudimenak eguneroko bizitzan duen garrantziaz, elitista ez den modu batean goi mailako kultura nola transmiti daitekeen. Filma letren errebindikazio bat ere bada, eta, era berean, emakume horiei omenaldia egiten zaie, erresistentzia ekintza batean zaintzeaz arduratzen baitira".