Itxi

Zinemaldia 2024

70. edizioa

"Marlowe" filmaren estreinaldiak itxiko du Zinemaldiko Sail Ofiziala

N. V. | EITB Media

Neil Jordan zuzendaria eta Liam Neeson eta Diane Kruger aktoreak Donostian izango dira, lehiatik kanpo emango duten filmaren emanaldia bultzateko.

  • "Marlowe"

    "Marlowe"

Marlowe filmak, ikertzaile pribaturen istorio berriak, itxiko du, lehiaz kanpo, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioko Sail Ofiziala, irailaren 24an, Kursaal Auditoriumean, Neil Jordan zuzendaria eta Liam Neeson eta Diane Kruger aktoreak bertan direla. 

Film luzea John Banvillek idatzitako The Black Eyed Blonde eleberrian oinarrituta dago; Raymond Chandler idazle estatubatuarrak duela ia 90 urte sortutako pertsonaia hilezkorrean oinarrituta idatzi zuen eleberria idazle irlandarrak.

Bartzelonan eta Dublinen filmatuta, Parallel Films, Hills Productions eta Davis Films ekoiztetxeen arteko koprodukzioa da, Fís Éireann / Screen Ireland agentziaren laguntzarekin. Sur Film taldeak ekoizpen-zerbitzuak eman ditu Bartzelonan. 

Neil Jordan zinemagile irlandarrak (Sligo, 1950) idazle gisa hasi zuen bere ibilbidea, baina 80ko hamarkadan filmen zuzendaritza eta ekoizpenera eraman zuen bere lana, hala nola film hauena: Company of Wolves (1984); Mona Lisa (1986); The Crying Game (1992), jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria; Interview With The Vampire (1994); Michael Collins (1996), Urrezko Lehoia Veneziako Mostran; The Butcher Boy (1997), zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza Berlinalen; eta The Good Thief (2002), Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala inauguratu zuena.

Galetako sarrerak, salgai

Gaurtik aurrera, salgai daude inaugurazio galarako (ostirala, hilaren 16a) eta amaiera galarako (larunbata, hilaren 24a) sarrerak, baita Donostia Sariak Juliette Binoche (igandea, hilaren 18a) eta David Cronenbergi (asteazkena, hilaren 21a) emateko zeremonietarako sarrerak ere.