Zinemaldia 2024
Donostia Saria
Binochek paper batzuei "ezetz esaten" jakin behar dela esan du, "kode matxistak" ekiditeko
Agentziak | EITB Media
Donostia Saria jaso aurretik, aktore frantziarrak azpimarratu du "ibilbide iniziatikoa" interesatzen zaiola, eta pozik agertu da golardoa Isabel Coixet zuzendariak emango diolako.
Juliette Binochek, Donostia Saria jaso aurretik emandako prentsaurrekoan, ziurtatu du aktore batek "ezetz esaten eta paperak baztertzen jakin" behar duela. Pozik agertu da Isabel Coixetek emango diolako saria Kursaalean. Gala zuzenean emango dute ETB4k eta eitb.eus-ek, 22:00etatik aurrea.
Aktore frantziarrak zuzendari katalana "biziki miresten" duela adierazi du, eta "azkarra eta oso kultua" dela esan du. "Zezena adarretatik hartzea gustatzen zaion pertsona bat da, miresten eta maite dudana", esan du.
Binochek azaldu duenez, ez du zinemaren "ikuspegi orokorrik", "tokian bertan dagoen emakumea naizelako, nire baitan bilatzen dudana eta gidoi batekin aurrez aurre jartzen naizena". Antzezten duenean ez ditu inoiz paperak "epaitzen", baizik eta "papera maitatzen" saiatzen da, eta "gidoian eboluzio bat egotea" bilatzen du, "gizatiarragoa egingo duen barne-ibilbide bat". "Ibilbide iniziatikoa da aktore gisa gehien interesatzen zaidana", azpimarratu du.
Emakume aktore helduentzako paper gutxiago ote dagoen galdetuta, berak ez duela horrela sentitzen esan du, ez baitzaio lanik falta, agian "zorte handia" duelako edo zuzendari askorekin duen harremanagatik. Hala ere, beste aktore batzuek "pairatzen" dutela onartu du. Bere ustez, batzuetan "zinema kodetuari ezetz esan behar zaio" eta "ezezagunera salto egin, kode matxistetatik salto egin".
Jean Luc Godard zendu berriari buruz, adierazi du berarekin filmatu zuen filmean jakin zuela "errealizadore bat ez dela nahitaez zuri laguntzera doan pertsona bat" eta "dutxa hotz bat" bezala izan zela berarekin lan egitea. "Harreman erraza" izan ez bazen ere, Binochek gogorarazi du "pozik eta hunkituta" zegoela zinemagilearentzat lan egiteagatik, eta ikasi zuen zinema "ez dela ikastetxeko patioa, arduratsua izan behar dela". "Ez zen batere erraza izan berarekin lan egitea", gaineratu du.