Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Sariak

"Suro" filmak Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi du, Zinemaldian

N. V. | EITB Media

Mikel Gurrearen lehen film luzeak nazioarteko kritikarien Fipresci saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearen saria ere irabazi ditu.

  • Vicky Luengo eta Pol Lopez "Suro"ko protagonistak

    Vicky Luengo eta Pol Lopez "Suro"ko protagonistak

"Suro" Mikel Gurrea donostiarraren lehen film luzeak, Urrezko Maskorrerako lehian dagoenak, irabazi du Euskal Zinemaren Irizar saria Donostiako Zinemaldian. Halaber, beste bi sari ere irabazi ditu pelikulak, nazioarteko kritikarien Fipresci saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearena, Gurreak Francisco Kosterlitzekin batera egindako lanaren omenez.   

Donostiar jaialdiak 70. edizio honetako sarien lehen aurrerapen bat iragarri du arratsaldeko lehen orduan, gaur gaueko azken galan palmaresaren gainerako ataletan irabazleak zein izango diren jakin aurretik.

"A los libros y a las mujeres canto" Maria Elorzak liburuei eta emakumeei idatziriko maitasun gutun ederrak, New Directors sailean lehian denak, Irizar sariko epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, baita Gazteriaren TCM saria ere.

Halaber, Donostia Hiria Publikoaren saria irabazi dute "Argentina, 1985" Santiago Mitreren pelikulak maila nagusian eta "As bestas" Rodrigo Sorogoyenen lanak Eurpoarko filmen atalean.

Zerrenda honetako sari batzuk ezagunak ziren dagoeneko, hala nola Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria, "Tori eta Lokita" Dardenne anaien filmak irabazi duena, eta Dunia Ayaso saria, "Secaderos" Rocio Mesaren lanak irabazi duena eta aipamen berezia ekarri diona "El sostre groc" Isabel Coixeten dokumentalari.

"Alcarràs" Carla Simonen pelikulak Greenpeaceren Lurra saria eraman du, eta "Something you said last night" Luis de Filippisen lanak Sebastiane saria, Gehitu LGTBI+ elkarteak ematen duena.

Signis saria Sail Ofizialean ikusi den eta irabazteko faboritoen artean dagoen film batek eraman du, "Los reyes del mundo" Laura Moraren lanak. Aipamen berezia, "Runner" Marian Mathiasen pelikularentzat izan da.

Kolonbiar filmak Feroz saria ere irabazi du.