Itxi

Zinemaldia 2024

71. edizioa

Hayao Miyazakik jasoko du hirugarren Donostia Saria, eta Javier Bardemek 2024an hartuko du

N. V. | EITB Media

Japoniar zinemagile eta animazioaren maisuak Tokion jasoko du golardoa, modu birtualean.

  • Argazkia: Zinemaldia

    Argazkia: Zinemaldia

Javier Bardemek ez du Donostia saria jasoko Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan, Hollywoodeko aktoreen grebaren ondorioz, eta Donostiako jaialdiaren datorren urteko edizioan hartuko du golardoa, Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak aurkezpen ekitaldian esan duenez.

Aurtengo hirugarren Donostia saria, Bardemenaz eta Victor Erice euskal zinemagileak jasoko duenaz gain, Hayao Miyazaki japoniar zinemagile beteranoak jasoko du, Tokion. Miyazakik pelikula oso arrakastatsu eta prestigiotsuak egin ditu, hala nola Tonari no Totoro (My Neighbor Totoro, 1988), Kurenai no buta (Porco Rosso, 1992) eta Mononoke hime (Princess Mononoke, 1997) eta Sen to Chihiro no kamikakushi (Chihiro's journey, 2001).

Kimitachi wa do ikiru ka (The Boy and the Heron) Miyazakiren azken filma inaugurazio galaren ostean ikusi ahalko da, eta ekitaldi horretan bertan jasoko du Miyazakik golardoa, "birtualki", Tokiotik.

Claire Denis frantses zinemagilea izango da epaimahai ofizialaren burua, eta haren ondoan izango dira Fan Bingbing aktore txinatarra (2016an emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra); Cristina Gallego ekoizle, errealizadore eta idazle kolonbiarra; Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra; Robert Lantos ekoizle hungariarra; Vicky Luengo aktore espainiarra eta Christian Petzold zuzendari alemaniarra.

Bisitak

Hauek dira irailaren 22tik 30era Donostiako Zinemaldian egongo direla baieztatu duten aktore eta zinemagileak: J. A. Bayona, Isabel Coixet, Michel Franco, Craig Gillespie, Kitty Green, Todd Haynes, Ladj Ly, Nadia Tereszkiewicz, Cristi Puiu, Jonathan Glazer, Mads Mikkelsen, Anta Diaw, Dolores Fonzi, Sergi López, Victor Erice, Ana Torrent, Laia Costa, Hovik Keuchkerian, Jaione Camborda, Isabel Herguera, Carmen Machi, Cecilia Roth, Lola Dueñas, Bruna Cusí, Arantxa Echevarria, Leonor Watling, Emma Suárez, Estibaliz Urresola, Patricia López Arnaiz, Itziar Ituño, Natalia de Molina, Fele Martínez, Alberto Ammann, Nacho Vigalondo, C. Tangana...