Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Jessica Chastain izango da Zinemaldiko izar handia

EITB Media

Aktore estatubatuarra bi urteren ostean itzuliko da Donostiara "Memory" filma aurkezteko.

  • Jessica Chastain, Zinemaldian 2021ean. Argazkia: EITB

    Jessica Chastain, Zinemaldian 2021ean. Argazkia: EITB

Jessica Chastain estatubatuar aktorea Donostiara itzuliko da Zinemaldiko izar handiena izateko. Izan ere, Hollywoodeko aktoreen grebak murriztu egin du Gipuzkoako hiriburura etortzekoak diren izarren zerrenda.

Chastain 2021ean izan zen Zinemaldian azkenekoz (2014an ere etorri zen), eta orduan Zilarrezko Maskorra lortu zuen The Eyes of Tammy Faye filmarekin.

Aurten, Perlak atalean eskainiko duten Memory lana aurkeztera etorriko da. Hain zuzen ere, asteazkenean (hilak 27) egingo du aurkezpena, Victoria Eugenian, Michel Franco zuzendariarekin batera.

Chastain ez da izango Zinemaldiko izar bakarra. Besteak beste, ondokoak ere izango dituzte zain sinaduren bildumazaleek: Juliette Binoche, Mads Mikkelsen, J.A. Bayona, Laia Costa, Sandrine Bonnaire, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen eta Miles Heizer.

Dena dela, hutsuneek baldintzatu egingo dute aurtengo edizioa halabeharrez: Hollywodeko grebak galarazi egingo dio Javier Bardemi Donostia Saria jasotzea (2024an egingo du), eta Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrak modu birtualean hartuko du golardoa, Tokiotik.

Azken asteetan, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ohartarazi izan du aurtengo edizioak distira gutxiago izan dezakeela Hollywoodeko izarren gabeziagatik (Jessica Chastain salbu, noski). Dena dela, lekukoa Europako zinemako hainbat izen handik hartuko dute.