Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Dokumental sorta

Nerabeen eta sexuaren arteko harremana, filtrorik gabe eta lehen pertsonan, "Generación Porno" saioan

EITB MEDIA

Lau ataleko dokumental serie honetan zuzenean solastuko dira nerabe, haien guraso, porno industriako profesional eta sexu-hezkuntzako adituak. TV3ren, ETBren eta Shine Iberiaren arteko koprodukzioa da. Ekoizpen prozesuan dago egun eta laster estreinatuko da.

  • "Generación Porno" saioaren irudia

    "Generación Porno" saioaren irudia

Haurrek zortzi urterekin dute pornoarekin lehen kontaktua batez beste; eta, kasu askotan, pornoa bihurtzen da sexu-hezkuntzako baliabide nagusia. Gainera, ikerketek agerian uzten dute gazte askoren sexu-espektatibak argi eta garbi markatuta daudela pornografiarekin duten harremanarengatik. Aurrekoak, jakina, beste belaunaldi batzuen jokaerarekin alde handia erakusten du. Arazoa azalera ekarri eta erantzuten saiatzeko asmoz sortu da "Generación Porno", lau ataleko (4x 60min) serie dokumental argigarria, nerabeen eta sexuaren arteko egungo harremana filtrorik gabe eta lehen pertsonan erakusten duena.

"Generación Porno" TV3ren, ETBren eta Shine Iberiaren (Banijay Iberia) arteko koprodukzio bat da, urte askotako lanaren ondoren gauzatu dena. Tonu zorrotz baina lasaian, ageriko errealitate kezkagarri baten erretratua izan nahi du: pornoaren industria belaunaldi berrien bizitza sexuala markatzen ari da. Dokumental-sailaren helburua da gure nerabeak jasotzen ari diren sexu-heziketari buruz ikuslea irakastea, entretenitzea eta, batez ere, gogoeta eginaraztea. Izan ere, nerabeentzat ez da beharrezkoa pornoa berariaz bilatzea hura aurkitzeko. Dokumentu-sorta honek eztabaida sozialaren beharra planteatu nahi du, ezinbesteko eztabaida estamentu eta erakundeei erantzuteko, eta egungo egoera aldatzeko.

Mundu errealaren isla, beharrezkoa den dokumental sorta batean

"Generación Porno" saioak guraso eta seme-alaba nerabez osatutako Katalunia, Euskadi eta Madrilgo lau familiaren aparteko testigantzak jasotzen ditu. Atal bakoitzak premisa bat du ardatz eta bertan, gazteen sexu-heziketan gaur egun agertzen diren arazo, mito eta gabezietako batzuk azpimarratuko dira. Une deserosoak eta dibertigarriak erakutsiko dituzte; esate baterako, gurasoek eta seme-alabek ordenagailuaren edo telefono mugikorraren pantailaren aurrean egiaztatu ahal izango dute zer eduki motatara sar daitekeen gaur egun bi klik eginda, gurasoen inolako kontrolik gabe.

Dokumental sailaren atal bakoitzak galdera interesgarriak planteatuko ditu pornoaren industriaren inguruan: Zergatik ez da kontrolatzen eduki hori? Zergatik da doakoa? Zergatik ematen da errealitatetzat fikzioa den zerbait? Orobat, ataletan zehar, familiek aktore pornoekin hitz egingo dute, eta filmaketetan sekuentziak faltsutzeko erabiltzen diren trikimailu eta teknika batzuk kontatuko dizkiete. Halaber, prebentzioari eta sentsibilizazioari buruzko tailerrak bisitatuko dituzte, eta sexu-mendekotasuna duten pertsonekin, sexu-transmisioko gaixotasunak dituzten pertsonekin, zibersegurtasuneko adituekin eta Esquadra Mossoekin, Ertzaintzarekin eta Polizia Nazionalarekin egingo dituzten topaketetara joango dira. Esperientzia horiei guztiei esker, gurasoek eta seme-alabek gai horretan erabat murgilduta aurkituko dituzte erantzunak dokumentalak planteatzen dituen gaien aurrean.

"Generación Porno"k nerabeek gurasoen aurrean sexuz eta pornoaz aho bizarrik gabe hitz egiten dutela erakutsiko du, taburik gabe eta naturaltasunez. Gainera, gaur egungo testuingurua ulertzeko, dokumentalak  tarte nabarmena emango die pornoko eta sexu-hezkuntzako profesionalen, aktoreen, zuzendarien, ekoizleen, banatzaileen, psikologoen, terapeuta sexualen eta pornoarekiko mendekotasuna dutenei. Horiekin guztiekin izandako elkarrizketatik, pornoari buruzko datu argigarriak  aterako dituzte  (batez besteko kontsumo orduak; munduan dauden porno online web kopurua eta gaur egun pornoaren industriak sortzen duen dirua, adibidez) eta  baita sakoneko eztabaida oso interesgarriak ere.

Honako gaiak aterako dira, besteak beste, solasaldi horietan: gazteenen aisialdiaren hipersexualizazioa, sare sozialetako eduki sortzaileen eragin erabakigarria, porno sexualari lotutako sexu-hezkuntza berri horren eta nerabeen kontura gero eta sexu-eraso gehiago izatearen arteko harreman zuzena, ikastetxeetan sexu-hezkuntzako irakaskuntza arautua izateko beharra eta adingabeentzako pornoaren sarbide-kontrolean dagoen arrakala.