Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Fikzioa euskaraz

"Touré Detektibea" telesailaren estreinaldia, ETB1en

EITB MEDIA

Malcolm Treviño-Sitté aktorea dugu protagonista, Mahamoud Touré pertsonaia nagusiaren paperean, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Lander Otaola, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreekin batera.

0:20
Malcolm Treviño-Sitté, 'Touré detektibea' telesaileko protagonista

Jon Arretxe idazlearen eleberrietan oinarritutako "Touré Detektibea" telesaila gaur estreinatuko da telebistan. Zehazki, ETB1en izango dugu ikusgai, 22:15etik aurrera. PRIMERAN plataforman izandako arrakastaren ondoren, Euskal Telebistara iritsi da orain Bilboko San Frantzisko auzoan girotutako fikzioa.

Mahamoud Touré da protagonista, Bizkaiko hiriburuan bizi den etorkin ginearra. Bat-bateko detektibe gisa bizimodua ateratzen du. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du. Erronka eta misterioei egin beharko die aurre, eta adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu kasuok modu ustekabekoenean argitzeko.

Malcolm Treviño Sitté (Lo nunca visto) dugu Touré, eta antzezle lantalde zabala du alboan, besteak beste, Unax Ugalde (No controles, "Ana Tramel. El Juego"), Itziar Ituño (Las buenas compañías, "Intimidad", "La Casa de Papel"), Loreto Mauleón (Los renglones torcidos de Dios, "La Chica de la Nieve", "Patria"), Itsaso Arana (La virgen de agosto, "Las de la Última Fila"), Urko Olazabal (Maixabel), Gorsy Edu ("Dos Vidas"), Emilio Buale (Adú), Goize Blanco (20.000 especies de abejas), Lander Otaola (La vida padre), Ayoub El Hilali ("El Príncipe") Jon Olivares ("Los Pacientes del Doctor García", "Patria") eta Ane Gabarain (Loreak, "Patria").

David Perez Sañudo (Ane) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta ("Los misterios de Laura") detektibe telesailetan eskarmentu handiko gidoilariak sortu dute telesaila, Flora Gonzalez Villanueva ("Nacho") gidoilariarekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du.

Filmaketa Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan egin zen, tartean Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian edo San Frantzisko auzoan.