Itxi

telebista

Zinea euskaraz

Fermin Muguruzaren 'Zuloak', gaur ETB-1en

A.H.

EITB

Aste honetan estreinatu da 'Gure Zinea' zikloa ETB-1en. 'Zuloak' filmeaz gain 'Bi Anai', 'Arriya' eta 'Ander' filmak ikusteko aukera ere izango da, besteak beste.

0:37
'Zuloak' filmaren estreinaldia, asteartean, ETB-1en

Aste honetan 'Gure Zinea' euskal zineari buruzko zikloa hasiko da ETB-1en. Bertan, Euskal Herrian ekoiztutako hainbat titulu ezagun eskainiko dituzte, besteak beste, Bi Anai, Arriya, Ander, Berri Ona, Mozolopintoa, Gartxot eta Baztan. Zikloa aste honetan hasi da arrakasta handiko bi filmerekin. Atzo, Mikel Rueda zuzendariaren Izarren Argia pelikulak Saturraraneko kartzelako errealitate gordina erakutsi zigun. Gaur, aldiz, Fermin Muguruzak zuzendutako Zuloak dokumentala estreinatuko da telebistan. Filmak, Euskal Herrian taula gainean dabiltzan emakume musikarien  errealitatea islatzen  du.

Zuloak Euskal Herrian taula gainean dabiltzan emakume musikarien  errealitatea islatzen du. Hasi berri den emakume rock talde baten istorioa jarraitzen du. Fermin Muguruzak oihartzun handiz estreinatu zuen filma iazko Donostiako Zinemaldian, eta astearte honetan, ETB-1ek estreinatuko du telebistan.

Bilboko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle batek, Arrate Rodríguezek, bere fakultateko bi neskak elektro-rock banda bat sortu nahi dutela jakin du, eta laster hainbat proposamen estetiko, ekintza eta propagandako jarduera iradokiko dizkie. Ondorioz, taldeko ezinbesteko pieza bilakatuko da, kamera beti eskuan duela, proiektua gauzatzeko egiten dituzten mugimendu guztiak jasotzeko prest.

Arratek taldeko beste kide bat nola aukeratu duten kontatuko du filmean, baita hainbat gairi buruz kideen artean dituzten eztabaiden berri eman ere. Eztabaida horien artean sexua, munduko egungo egoera, globalizaturiko tribuak eta estiloak, abesteko hizkuntza bat aukeratzea, gorroto duten gizarte bateko zutabe nagusiak (familia esaterako), eta gizartea kontrolatzeko sistemak eta tankerako beste gai batzuk jorratuko ditu.