telebista
Gaur
Eurokopako finala, zuzenean ETB-1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Uxue Bilbao Basketek eta Lokomotiv Kubanek jokatuko duten neurketa dela-eta programazio berezia 20:00etatik aurrera.
Gaurko kirol hitzordu nagusia Eurokopako finala izango da, Uxue Bilbao Basket eta Lokomotiv Kuban taldeen artean. Gaueko bederatzietan jokatuko den neurketa zuzenean izango da ikusgai ETB-1en eta eitb.com-en. Baina saio berezia iluntzeko zortzietan hasiko da, norgehiagokaren atarikoarekin, eta 23:30ak ingurura arte iraungo du, ondorengo elkarrizketak eta sari banaketak bildu ostean.
Asier Aranguren kazetaria izango da berriemaile zuzenean Belgikako Charleroi hiriko RTL Spiroudome pabilioitik. Josean Aldalur aditua izango du lagun kontakizuna egiteko, eta Juan de la Vega arduratuko da kantxako giroaren berri emateaz, protagonistak elkarrizketatzeaz eta erreportajeak egiteaz.
Emanaldi berezian zehar zuzeneko konexioak egingo dituzte Bizkaia Arena pabilioiarekin, bertara bilduko baitira talde bilbotarraren zaleak partida jarraitzera. Ana Ramos kazetaria egongo da bertan.
Bestalde, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan ere adi-adi jarraituko dute Eurocup finala. Eguerdiko zein gaueko edizioan, azken orduaren berri emango dute ETBko kirol taldearen eskutik.
Beste kirol emanaldiak
ETB-1en eta ETBKn beste hainbat kirol emanaldi izango dira egunean zehar. ETB-1en eta eitb.com-en, 17:30ean, Bigarren B Mailako Real Union-Lleida partida emango da zuzenean, Xabier Andueza, Juanan Larrañaga eta Joseba Urkiolaren eskutik. ETBKn, berriz, areto futbol ligako Caja Segovia-Triman Navarra izango da ikusgai. Xabier Anduezak Juanma Ordozgoiti izango du lagun kontakizuna egiteko.
ETBKrekin jarraituz, 19:00etan, Euronascarreko Nogaroko Sariaren laburpena egingo du Iñaki Mikeok, eta 20:30ean, Urriza-Barrenetxea IV / Urtasun-San Miguel erremonte partida izango da ikusgai, Iñigo Aiestaran eta Manuel Arrizabalaga Matxinen komentarioekin.
Azkenik, 22:30ean, arratsaldean Iruñan jokatutako Bibitako Txapelketako Berasaluze II-Albisu / Irujo-Zabaleta finalerdiaren kontakizuna egingo dute Juanan Legorburuk eta Iñigo Aiestaranek.