Itxi

telebista

Jaiak ETBn

Udako jai nagusiei arreta berezia eskainiko die ETBk

A.E.

EiTB

Sanferminetako txupinazoarekin hasiko dira Euskal Herrian barrena izango diren jaiei buruzko emanaldi bereziak.

0:19

Aurten ere, Euskal Telebistak udan Euskal Herrian barrena izaten diren jai nagusiei arreta berezia eskainiko die. Zuzeneko emanaldi bereziak eta eguneroko saioak izango dira festen inguruan.

Hasteko, larunbatean, Sanferminetako txupinazoa izango dugu Iruñetik zuzen-zuzenean ETB1en eta www.eitb.com atarian. Aritz Agirre Euskadi Irratiko lankideak eta Ilaski Serrano aurkezle ezagunak emango dute Sanferminetako hasierako ekitaldiaren berri. Kaleko giroa jasotzen, berriz, Maite Eskarmendi kazetaria egongo da.

Gauean, 22:00etan, 'Sanferminak 2013' saioa izango dugu egunero, ETB1en, Baluartetik zuzenean. Xuban Intxaustik eta Lierni Agirrezabalak gidatutako tarteak egunean izan diren ekitaldirik nabarmenenak eta jaien protagonistak izango ditu. Virginia Marañak egingo ditu jaiei buruzko erreportajeak.

ETB2n, berriz, 'Navarra Directo'ko lan-taldeak aste barruan Sanferminei eskainiko die saioa, 'San Fermin Directo' izenburupean, 14:00etan. Eta, amaitzeko, 'Gaixoa Ni' ere izango da ikusgai hilaren 14an ETB1en.

Iruñetik Baionara joango da ETB festa usainean. Baionako Bestetan ere egongo da ETB1. Uztailaren 24ean, jai jendetsu hauen berri emateko saio berezia aurkeztuko dute Lierni Agirrezabalak eta Joanes Passicotek, eta baita amaiera egunean ere, uztailaren 28an.

Halaber, abuztuko lehen jai hitzordu garrantzitsua ez du galduko Euskal Telebistak: Gasteizko Ama Birjin Zuriaren jaiak. Zeledonen jaitsiera abuztuaren 4an emango da ETB2n, ohi denez. Kalean, Maite Eskarmendi eta Iñaki Elorza Euskadi Irratiko lankidea giroa jasotzen, eta jaitsiera kontatzen Pilar Ruiz de Larrea eta Ismael Diaz de Mendibil egongo dira. Gauero, berriz, 22:00etan, ETB1en, 'Gasteizko Jaiak' saioa eskainiko da.

Abuztuaren 10ean, 'Artillero 2013' emango da ETB2n 18:30etik 19:30era, eta Donostiako Aste Nagusian ere 'Donostiako Suak' saioa izango da egunero ETB1en. Agustin Ezenarrok eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute saioa, Unai Etxabe egongo da hondartzan eta Lierni Agirrezabalak egingo ditu erreportajeak. Abuztuaren 13an, Piraten  Abordaia 16:00etatik 18:00etara zuzenean eskainiko du ETB1ek.

Azkenik, Bilbon izango dira ETBko kamerak Aste Nagusian. Marijaiari harrera zuzenean ETB2n emateaz gainera, abuztuaren 18tik 25era 'Bilboko Suak' tartea izango dugu gauero. Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok egingo dute kontakizuna. Unai Etxabe ere izango dute zuzenean jaien hasierako ekitaldi honetan, eta Joseba Olagaraik landuko ditu erreportajeak.