Itxi

telebista

Kirolak

Tourra, estropadak, erremontea eta futbola, larunbatean, zuzenean

A.A.

EiTB

Frantziako Tourreko 14. etapa, Marina de Cudeyoko Bandera, erremonteko San Fermin Torneoko finala eta Bermeo-Athletic laburpena, Euskal Telebistan.

  • Estropadak

    Estropadak

Larunbatean, 14:10ean ekingo diote Frantziko Tourreko 14. etaparen kontakizunari Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak ETBKn. 'Gaur Egun' albistegia amaitzen denean, 14:55ean, ETB1en jarraituko du emankizunak. eitb.com atariak zuzenean eskainiko du etapa. Alpeetako lehen etaparen bezperan, Saint Pourçain eta Lyon arteko 191 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.

18:30ean estropaden txanda izango da ETB1en. Pedreñan, Marina de Cudeyoko Bandera izango dute jokoan lehendabizi Euskotren Ligako taldeek eta ondoren San Miguel Ligakoek. Mikel Olazabalek egingo du kontakizuna Ibon Gaztañazpi aditua lagun duela. Amane Ibañezek elkarrizketatuko ditu protagonistak.

Pilota eta futbola ETBKn

ETBKn zuzeneko emankizun bat izango da 17:00etan: erremonteko San Fermin Torneoko finala. Urtasun eta San Miguel bikoteak Juanenea, Endika eta Ion hirukoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Koldo Aldalur eta Manuel Arrizabalaga Matxin izango dira berriemaile Huarteko Euskal Jai Berri pilotalekutik.

Aurrez, 15:00etan, Mungian jokatutako pala motzeko binakako kiniela eskainiko da. Iñigo Aiestaranek egingo ditu esatari lanak Patxi Ziskarekin batera.

Amaitzeko, 23:25ean, denboraldiaurreko Bermeo-Athletic partidaren laburpena egingo du Jorge Cerratok.