telebista
Igandean
Tourreko 15. etapa, Alpeetako lehenengoa, zuzenean
A.A.
EiTB
San Fermin Torneoko pilota finala eta Eusko Label Bandera ere zuzenean emango dira.
-
Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea
Euskal Telebistako igandeko kirol eskaintzaren barruan, Frantziako Tourreko 15. etapa nabarmenduko dugu, 14:10ean ETBKn eta 14:55etik aurrera ETB1en. eitb.com atariak ere zuzenean eskainiko du etapa. Alpeetako lehen etapa aurtengo luzeena izango da, 242,5 kilometro, eta Mont Ventoux gain mitikoan amaituko da. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak ekarriko dizkigute nondik norakoak.
Eguneko bigarren kirol hitzordua Iruñean egongo da. Esku pilotako San Fermin Torneoko finalaren berri emango dute zuzenean Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak ETB1en eta eitb.com atarian. 17:00etan hasiko da emankizuna atariko partidarekin, Olaizola I-L. Galartza / Gorka-Peñagarikano, eta finalaren ostean Olazabal-Merino I / Tainta-Mendizabal II norgehiagoka jokatuko da.
Goizean, 11:50ean, estropada emanaldia osatuko du zuzenean ETB1ek eta eitb.com-ek Donostiatik. Eusko Label Bandera izango da jokoan, Euskotren Ligako bigarren jardunaldian eta San Miguel Ligako zazpigarrenean. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Amane Ibañezek egingo dute kontakizuna.
Azkenik, 15:30ean, ETBKn, waterpoloko Portugaleteko Nazioarteko Sariko bi partida izango dira ikusgai: Espainiako eta Italiako selekzioak izango dira aurrez aurre, lehendabizi emakumezkoak eta ondoren gizonezkoak. Mikel Ibargoienek egingo ditu esatari lanak Ivan Eguskiza lagun duela.