telebista
21:00etan
'Alakrana, lau urteren ondoren' erreportaje berezia, gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Ibon Gaztañazpi kazetaria Alakrana atun-ontzian itsasoratu da, eta atunaren arrantzan marea oso bat eman du Ozeano Indikoan.
Gaur gauean Alakrana atun-ontzia askatu zuteneko laugarren urteurrena beteko da. Gertaera horren harira, Ibon Gaztañazpi kazetariak egindako erreportajea eskainiko du ETB1ek, 21:00etan. Alakranako 42 marinelekin batera itsasoratuko da, abentura gogoangarri batean.
25 egun emango ditu Ibon Gaztañazpik Indiako ozeanoan, Alakrana atun-ontziko tripulazioaren esperientziak partekatzen. Euren eguneroko bizimodua nolakoa den ezagutuko du; sarean lanean ez ezik, denbora librean zer egiten duten eta jatorduak nola moldatzen dituzten erakutsiko digu. Halaber, euren segurtasunaz arduratzen diren militarrekin mintzatuko da Gaztañazpi.
Alakranak Indiako ozeanoko uretan egiten du arrantza, pirata ontziz beteta dagoen inguru batean. Duela lau urteko bahiketa nola bizi izan zuten eta halako arrisku egoerei aurre egiteko moduaz galdetuko diete tripulazioko kideei.
Marinelen arteko elkarbizitzari ere arreta eskainiko dio erreportajeak. Mundu zabaleko ordezkariak ditugu Alakranan: Indonesia, Senegal, Ghana, Madagascar, Seychelles Errepublikal, Euskal Herria, Galizia...
'Alakrana, lau urteren ondoren' erreportajean, Ibon Gaztañazpi kazetariarekin batera, Dani Pellow kamerariak eta Serafin Lertxundi audio teknikariak hartu dute parte.
ETB1en izango da ikusgai, gaur, 21:00etan. Laster ETB2n ere izango da ikusgai.