Itxi

telebista

Hirugarren atala

Manuk galdu, Kortak bere erara irabazi eta David Kazikearen aurka

Yacareek galdu dute Inmunitatearen Jokoa, lehiatu ere egin gabe. Yaguareteak kanpamentu aberatsaz jabetu dira Kortari esker, baina, hobeto disimulatu beharko ditu tranpak lehiaketan zehar.

Manu eta bere taldekideak zigortu egin dituzte berriz antolakuntzakoek, Guaranien kanpamentuko arauak errespetatzeari uko egitearren. Lo sakuarekin eta saioak emandako arroparekin egin dute lo denek, Leónek izan ezik. Lemoarrak bere hitza bete eta guaranien chiripa bakarrik jantzita egin du lo. Jarrera hori dela eta, galtzaileen bileratik libre gelditu da. Dena dela, Yacareak askoz hobeto daude kanpamentu oso pobrean, behintzat, euren arropak jantzi ditzakete zigorrik jaso gabe. Jatekorik ez dute lortu oraindik baina oihaneko gau hotzetan izoztuta ez dira hilko.

Esti izendatzea erabaki du taldeak bileran, diruenez, berak hala eskatuta; ez dago argi, baina, arabarrak abentura utzi nahi duen edo kanporatzeko dueluan borrokatu nahi den. Taldeko bigarren izendatua nor den kapitainak erabakiko du. Manuk, hortaz, bere taldekideen artean erabaki beharko du eta, dirudienez, ez dira izango ez Eneko ez eta Patxi.

David Seco Kazikearen aurka

Bien bitartean, guaranien kanpamentuan, Coatiek indigenenganako askoz errespetu gehiago erakutsi dute. Kazikearen esana egiten dute eta euren txabola txikiak egiteaz ere arduratu dira. Karai Mirin gaizki hasi den bakarra kapitaina izan da, David Seco. Kazikeak susmo txarra hartu dio jada eta ez dago prest Secoren handikeria onartzeko. Itxuraz, beraz, Busturiako txirrindulariak (eta, ondorioz, bere taldeak) galtzeko guztiak ditu.

Korta, onena Inmunitatearen Jokoan

Bestalde, Yaguareteak kanpamentu aberatsa eskuratu dute Kortari esker. Oriotarrak benetako lidergo erakustaldia eman zuen Inmunitatearen Jokoan. Onena izan zen aihotzarekin eta jokoan aginduak ematen egon zen uneoro. Juanito, baina, ez dago gustora Kortaren itzalean. Jokoan egin zituen oihuek adierazten dute zeozer gaizki doala. Garaipenak bien arteko tentsioa baretu egin du, baina taldeak galtzen duen egunean…oihana prest egon dadila benetako sumendia hartzeko. Yaguareteen artean argi ikusi dugu dagoeneko zeintzuk diren taldeko bizienak. Anderrek garaipenaren giltza izan zuen, tronkoa altxatzeko zein kokapenetan jarri behar zen igarrita. Bestetik, Ikerrek jakin du taldera nola moldatu, nahiz eta itxura ahula izan…eta puntuak galdu dituena Txispy izan da, oso urduri egon baita jokoan.

Dena dela, Kortak hobeto disimulatu beharko ditu tranpak lehiaketan zehar. Jokoan soka bat lapurtu zien Coatien taldekoei eta David Secok hori aurpegiratzean, hari ere aurre egin zion Kortak. Kontuz ibili, Korta, hurrengoan zigorra jaso dezakezu; Davidentzat, ostera, abisua izan daiteke , 'El Conquistador Del Fin Del Mundo' saioak izan duen kapitanik maltzurrenaren aurrean horren inuzente ez jokatzeko abisua, alegia.