Itxi

telebista

Hirugarren finalista

Iban 'Sukaldari'ko finalerako sailkatu da

Ibanek "Sukaldari"ko saio berezia irabazi zuen Nerea, Anane eta Afrikaren aurka. Ondorioz, datorren asteko final handian izango da Soniaren eta Aitorren aurka.

Lehiakideei bigarren aukera eman zioten "Sukaldari" saioan finalera iristeko, eta Iban arraunlari zarauztarra izan zen garailea. Beraz, "Sukaldari"ren final handian izango da, Sonia lehen faseko garailearekin eta Aitor bigarren fasekoarekin aurrez aurre.

Ibanek eguneko hiru probak irabazi zituen, eta proba bakoitzean lehiakide bat bota zuen. Lehen proban ausaz erabaki zuten lehiakide bakoitzak zer prestatu behar zuen: Ibanek txipiroi salda aldakorra; Nereak arroz krematsua; Afrikak arrautza lore bat; eta Ananek zurrukutuna. Euskal Sukaldaritza Berriaren ikur izan ziren lau platerok prestatzeko, erosketa Eroskin egin zuten lehiakideek. Basque Culinary Centerreko sukaldean proba bukatu zutenean, Anderrek eta Ramonek errezetak ongien prestatu zituztenak aukeratu zituzten, eta Afrika izan zen eguneko lehen kanporatua.

Bigarren probarako errezeta honako hau zen: haragi-bolak foiearekin eta trufarekin. Ramonek eta Anderrek nola prestatu behar zituzten erakutsi zieten. Hiru sukaldariak arreta eta tentsio handiz aritu ziren. Denbora agortu zenean, Ander eta Ramon sukaldetik atera ziren, eta lehiakideek elkarren platerak probatu zituzten itsu-itsuan. Proba dibertigarri honen garailean Iban izan zen, baina erabakia ez zegoen lehiakideen esku. Pepe Barrena gastronomia-kritikaria zegoen sukaldean zain, eta Anderrekin eta Ramonekin batera dastatu zituen platerak. Kritikariaren iritzia ez zitzaien gustatu lehiakideei, eta defentsiban jarri ziren. Azkenik, kritikariaren eta irakasleen aburuz, Nerea izan zen eguneko bigarren kanporatua.

Azken duelua Iban eta Ananeren artekoa izan zen, "Sukaldari"ren lehen eta bigarren faseko finalisten artekoa, hain zuzen ere. Azkenburukoak prestatu behar zituzten: txokolate zurizko browniea. Duelua Ibanek irabazi zuenez, "Sukaldari"ko hirugarren finalista izango da.

Eguneko unerik hunkigarriena Luis Irizarren eskutik iritsi zen. Euskal sukaldarien artean maisua da bera. Sorpresa handia izan zen Ramon Rotetarentzat, ez baitzekien bere maisua "Sukaldari" saioan izango zenik lehiakideei aholkuak ematen. Ramon Roteta hunkitu egin zen Luis Irizar sukaldean sartu zenean, eta antzinako denborak gogoratu zituzten, Ramon Roteta ikaslea zen garaiak, hain zuzen ere. Irizarrek argi utzi zuen Ramon eta Ander ikasle bihurriak izan zirela.

Final Handia

"Sukaldari"ren final handia abian da. Hamahiru lehiakidek abiatu zuten abentura, eta hiru besterik ez dira helmugaraino iritsi. Sonia, Aitor eta Iban dira finalistak, bakoitza izateko eta jakiak prestatzeko era ezberdinarekin, baina hirurek dute zaletasun bera: sukaldaritza. Datorren asteazkenean, apirilaren 2an, jakingo dugu hiruretatik zein izango den sukaldari irabazlea.