Itxi

telebista

22:15ean

Gerra Zibilaren zauriak, gaur, '60 minutos' saioan

A.H.

EITB

Espainiako Gerra Zibila bukatu zenetik 75 urte igaro direla eta, memoria historikoaz arituko da saioa Paco Etxeberria auzitegiko medikuarekin.

Espainiako Gerra Zibila bukatu zenetik 75 urte beteko dira apirilaren 1ean. Irratiz gerrako azken partea emanda, Francok bukatutzat eman zuen hiru urte iraun zuen gerra. Herritarrak premia gorrian eta gosez utzi zituen gerrak, eta herrialdea bi zatitan banandu zuen: irabazleak eta galtzaileak. Gerrak utzi zituen zauriak aztertuko ditu "60 minutos" saioak, gaur. Zauriotako asko oraindik zabalik daude.

Sinestezina dirudien arren, 75 urte pasatu direnean oraindik ere hainbat lagun familiako kideen bila ari dira: hobi komunetan lurperatu zituzten horien aitona-amonak, neba-arrebak edo izeba-osabak. 75 urteren buruan, ez dakite non lurperatu zituzten eta ezin izan dituzte haien gorpuzkiak jaso.

Francisco Etxeberria EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titular eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea Gerra Zibilean lurperatutako gorpuen kopurua zein den ongien dakiten pertsonetako bat da. Ikertutako hobi komunetako batera joango da "60 minutos" saioa berarekin, eta haren laborategian ere izango dira. Memoria historikoan egin dituen aurkikuntzez arituko da Etxeberria, besteak beste.

Biktimekin ere izango da saioa. Gerratik alde egiteko Errusiara bidali zituzten haurretako bat izan zen Juanita, eta bizitza guztia eman du Euskaditik kanpo. Beste hainbat biktima, hala nola Olga eta Nerea, bere familiako kideen gorpuzkien bila ari dira. Gerran hil ziren, eta hobi komunetan eta hilerrietako hormen ondoan hobiratu zituzten.

Euskal Herriko hainbat tokitan izango da "60 minutos" Espainiako Gerra Zibiletik eta frankismo garaitik zutik jarraitzen duten aztarnak ikusteko: Bilboko Burdin Gerrikoa, Iruñeko Eroritakoen Monumentua, Gasteizen dauden ikur eta armarri frankistak...

"60 minutos", gaur, 22:15ean, ETB2n.