Itxi

telebista

Gaur, zuzenean

Endesa Liga eta Eibarko pilota jaialdia, ETB1en eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Gipuzkoa Basket-Cai Zaragoza eta Aritz Lasa-Merino II Banakako Txapelketako aurrekanporaketaz gain, Olasagasti-Irazu desafioa eskainiko da.

Euskal Telebistaren igandeko kirol eskaintzak saskibaloi, aizkolari eta pilota emanaldiak dakarzkigu. Erremonteak eta zestak ere euren tartea izango dute, eta futbol jardunaldiaren errepasoa ere egingo da.

Eguerdiko 12etatik aurrera, Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Cai Zaragoza partida jarraitu ahal izango da zuzenean eitb.com-en eta ETB1en. Asier Arangurenek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak egingo dute kontakizuna.

16:00etan herri kirolen tartea zabalduko dute ETB1en. Eguerdian Tolosako zezen plazan Olasagasti eta Irazu aizkolarien artean jokatutako desafioaren berri emango dute Koldo Aldalurrek eta Joxe Etxebestek.

17:00etan hasiko da 'ETB Kantxa' saioa Eibarko Astelena pilotalekutik, Julen Retegi-Peñagarikano / Ezkurdia-Larrinaga binakako neurketarekin. Partida nagusian, Buruz Buruko Txapelketarako aurrekanporaketa jokatuko dute Aritz Lasak eta Merino II.ak. Hirugarren norgehiagokan, Apezetxea eta Mendizabal III.a izango dira aurrez aurre. 19:30ak arte ETB1en eskainiko da emanaldia eta ondoren ETBKn. Eitb.com-en osorik jarraitu ahal izango da. Esatari lanak Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dituzte.

19:30ean, Mikel Olazabalek gidatzen duen 'Gol Festa' saioan futbol jardunaldiaren azterketa egingo dute. Arreta berezia eskainiko diote Athletic-Sevilla partidari.

Zesta eta erremontea, ETBKn

Zesta puntako bi emanaldi izango dira: 12etan, Frantziako txapelketako finala, Garcia-Minvielle / Aimar-Etcheto, eta 21:15ean, Pro-Am txapelketako Hondarribiko torneoko finala, Egiguren II-Etcheverry / Moresmau-Erkiaga.

20:15ean, erremonteko Sagardoaren txapelketako finala izango da ikusgai: Etxeberria IV-Ion / Matxin III-Etxeberria III.

Iñigo Aiestaran izango da esataria, zestan Jabier Arkarazoren laguntzaz eta erremontean Manuel Arrizabalaga Matxinekin.