Itxi

telebista

Txirrindularitza

Italiako Giroa, gaurtik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute eguneko etaparen kontakizuna, gaurtik ekainaren 1era bitartean.

0:39

Euskal Telebistak eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko dute gaur Belfasten hasi eta ekainaren 1ean Triesten amaituko den Italiako Giroa. Arratsaldero kirol emankizuna osatuko du ETB1ek, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin, etaparen nondik norakoen berri emateko. Emanaldia, halaber, eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Italiatik urrun hasiko da aurten 97. edizioa duen Giroa: Irlandan. Belfasten jokatuko den taldekako erlojupekoarekin ekingo diote lehiari, eta asteartetik aurrera, Italiako lurretan ibiliko dira, batetik bestera, 21 jardunaldi osatu arte.

Gaurko etaparen emankizuna 18:30ean hasiko da, baina ETB1ek eta eitb.com-ek 14:45ean egingo dute bat lasterketarekin gainerakoetan. Alabaina, ikusmin handiko etapetan, goizagotik jarraitu ahal izango da emanaldia ETBKn eta eitb.com-en. Halaxe izango da helmuga Montecopioloko gainean izango duen 8. etapan eta goi mendietako hiru jardunaldietan (14, 16 eta 18. etapak).

Bestalde, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietako kirol tarteetan egunero zabalduko diote leihoa Italiako Giroari, eguneko etaparen kronika egiteko.

eitb.com-eko webgune berezian, telebistako zuzeneko irudiak ez ezik, etapa guztien profilak, lasterketaren bideoak, sailkapenak, kronikak eta argazkiak daude eskura, Xabier Usabiagaren blogarekin batera. Erabiltzaileek etapa guztiak berriz ikusteko aukera izango dute, eta eguneko punturik garrantzitsuenari arreta berezia jarriko diote. Gainera, azken kilometroak, protagonisten adierazpenak eta lasterketako momenturik garrantzitsuenetako bideoak ere ikusi ahalko dira.