Itxi

telebista

Omenaldia

ETBk omenaldi txiki bat egingo dio Alex Angulori

A.A.

EiTB

Gaur gauean, 23:40an hasita, 'Lain' filma izango da ikusgai ETB2n, eta EiTB Nahieranek Erandioko aktoreari egindako elkarrizketak, saio bereziak eta emanaldiak eskainiko ditu.

Gaur gauean, ETB2k Lain filma eskainiko du atzo Errioxan trafiko istripuz hil zen Alex Angulo aktorearen oroimenez. Horrez gain, EiTB Nahieran interneteko atarian, Erandioko aktoreari buruzko emanaldi eta saio bereziak jarri dituzte ikusgai.

23:40an, 'No es país para sosos' saioaren ondoren emango du ETB2k Lain filma, Jose Antonio Perezek zuzendu eta Aitor Luna protagonista duen polizia-istorioa. Hiltzaile batek bi emakume hil ditu Bilbon, biak modu berean. Ertzaintzak oso arrasto gutxi ditu hiltzailearen inguruan, eta Lain izeneko agente ohi bati eskatuko dio laguntza. Erandion jaiotako aktoreak paper garrantzitsua jokatu zuen istorio honetan.

EiTB Nahieran

Bestalde, EiTB Nahieran atarian, Alex Angulori buruzko telebista saio, emanaldi eta elkarrizketa sorta bat jarri dira ikusgai, haren omenez. Besteak beste, "Forum" saioan egindako elkarrizketak, Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuenekoa eta El día de la bestia filmaren grabazioari buruzko 1995eko erreportaje bat daude bertan.