telebista
Gaur gauean
Maite Idirinen bizitzari errepasoa, '6 Argazkitan'
A.A.
EiTB
1960ko hamarkadan ezagun egin zen abeslaria gertutik ezagutzeko aukera emango ditu Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duen saioak.
-
Maite Idirin eta Pedro Mari Goikoetxea. Argazkia: EiTB
Maite Idirinen bizitzan murgilduko da aste honetan '6 Argazkitan' saioa, ETB1en, 22:00etan. 1960ko hamarkadan abeslari ezaguna izan zen, polizia atzetik zebilkiola erbestera alde egin behar izan zuen arte. Garai haiek eta beste hainbat pasarte ekarriko ditu gogora, Pedro Mari Goikoetxea lagun duela.
Ugaoko Zubero baserrian jaio zen Maite, familia abertzale batean. Esther ahizparekin batera txikitako kontuak gogoratuko ditu eta herriko abesbatzako orduko bi kiderekin garai hartako abestiak kantatuko ditu.
1968an, 24 urte zituela, Zeberion egin zuen bere aurreneko kantaldia. 45 urte beranduago, bertara joango da, momentu hura oroitarazteko asmoz.
1968ko maiatza eta 1969ko uztaila bitartean kontzertu asko eskaini zuen Maitek Euskal herrian zehar. Kantaldietan horietako askotan Bittor Egurrola kantaria izan zuen bidelagun. Orduko anekdotak gogoraraziko dituzte.
1969an, erbestera alde egin behar izan zuen. Bermeoko portutik irten zen Maite, uztaileko gau batean ihesi. Baionaraino eraman zuen barkuko patroiaren alabak sorpresa emango dio Maiteri. Hunkituta, ezingo dio negarrari eutsi.
Baionatik Parisera joan zen, eta bertako Euskal Etxean ezagutu zuen Jokin Apalategi, bere senarra izango zen. Garai haiek Jokinekin ekarriko ditu gogora.
Manex Pagola kantari eta olerkariarekin ere elkartuko dira. Ortziken ikuskizuna ekarriko dute gogora, eta Ez Dok Amairuko kideekin zuen konpetentziaz ere mintzatuko dira.