telebista
Gabon Zaharrak 2014
Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibartik eskainiko ditu ETBk
EiTB
Ramon Roteta, Ander Gonzalez, Sara Gandara, Arguiñano (Anjel Alkain) eta Berasategui (Iker Galartza) izango dira bertan, 2014ri agur esan eta 2015. urteari ongi etorria ematen.
Aurten, Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibarko Kalegoen plazatik eskainiko ditu Euskal Telebistak. Jai eta umore giroko emanaldi bera bi kateetan eskainiko da, euskaraz. 2014ri agur esateko eta 2015. urteari ongi etorria emateko, aurkezle boskotea izango dugu: Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldari eta 'No Es País Para Sosos'eko aurkezleak, Karlos Arguiñano (Anjel Alkain) eta Martin Berasategui (Iker Galartza), eta Sara Gandara ETBko kiroletako aurkezlea.
ETB1en, kanpaien aurretik eta ondoren, umorezko saioa izango dugu '15 Baietz!!!' izenburupean. 'Zuek Hor eta Gu Hemen' programaren ildotik jarraituz eta gabon itxurazko platoan, sukaldariak izango dira programari hasiera emango diotenak, 'Zergatik 12 mahats?' galderari erantzunez. Anjel Alkain eta Iker Galartza, Arguiñano eta Berasategui pertsonaien eskutik, mahatsen ordezkoak aurkituko dituzte. Hainbat famatuk emango dituzte aukera hauek. Mikel Goñik 12 flan, Jose Luis Kortak 12 gamba a la gabardina, Martxelo Otamendik 12 pan amb tomaca? jango dituzte. Paulino izango da 12 'gong' emateko arduradun. Bi sukaldariek ere beraien errezeta berezia egingo dute: Angulak bai, baina merke.
Hauen guztien tartean, programan izaten diren pertsonaien esketxak: Torreviejakoek oporretan, Praileak, Benidorreko bikotea kotiloi batetan eta haurren Gabonen ikuspuntuak. Elgoibarko plazarekin konexioak tartekatuko dituzte.
Iker Galartza eta Anjel Alkainekin batera, Aitziber Garmendia eta Asier Hormaza izango dira, eta Agurne Anasagasti, Maria Amolategi, Amaia Artetxe, Iro Landaluze eta Maite Eskarmendi ere saio berezi honetan ikusiko ditugu.
Frigorifiko garraiatzailea
Elgoibarko konexioak frigorifiko 'garraiatzaile' baten bitartez egingo dira. Bi sukaldariak, platoan, frigorifikoan sartu eta Elgoibarko plazan azalduko dira, frigorifiko eta guzti.
Kanpaien ostean, platora itzuliko dira eta musika izango da hirugarren zati honen mamia. 'Zuek Hor eta Gu Hemen' programan aritutako solaskide, atal desberdinen arduradunak, kolaboratzaileak, aurkezleak eta pertsonaia desberdinak kantuan jarriko dituzte. Gaur egun, pil-pilean dauden abestiei hitza gureganatu, eta zuzenean platotik abestuko dute, festa giro polit bat lortuz.
'No es Nochevieja Para Sosos', ETB2n
ETB2n, 'No Es Nochevieja para Sosos' umorezko saioa izango da ikusgai kanpaien aurretik. 'Vaya Semanita' eta 'Euskadi Movie'ren lan-taldeak egingo du.
Oraingo honetan, 'No Es País Para Sosos' saioak ospetsu bilakatu dituen Ander Gonzalezek eta Ramon Rotetak paper garrantzitsua izango dute. Saio honetan, ikus-entzuleentzat oso ezagunak diren aktoreek hartuko dute parte: Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Maribel Salas, Itziar Atienza, Asier Hormaza, Diego Perez eta Humberto Gutierrez imitzaileak.
Penintsulan barrena ibiliko dira Gonzalez eta Roteta bitxi hauek errezeta berriak ikasten. 2014. urtean jazotako gertakizunik nabarmenen errepasoa ere egingo dute saio honetan. Horrez gainera, Nekane Amaya ijito abertzalearen abentura berriak izango ditugu. Kotiloia antolatuko du eta Ebola gaixotasuna ere agertuko da bertan. Gainera, Valladolid eta Hernaniko familiaren Gabon Zaharreko afariko ika-mika ikusiko dugu.
Amaitzeko, 'No es Nochevieja para Sosos' saioak hainbat musika emanaldi eskainiko ditu. Tartean Luis Barcenasek 'El rock de la Gürtel' abestuko du, Elvis Presleyren gisako patilla luzeekin.