Itxi

telebista

19:30ean

'El Conquistador'en lehen atalaren aurrestreinaldia, gaur, Bilbon

EiTB

Gaur, 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren denboraldi berriko lehen atalaren estreinaurrekoa egingo da Bilbon. Ekitaldira joateko 150 sarrera bikoitzen irabazleen zerrenda duzue atxikita.

Euskal Telebistak 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren XI. edizioaren aurrestreinaldia egingo du gaur, 19:30ean, Bilbon, BBK Salan. Eitb.eus-ek bertara joateko 150 sarrera bikoitz zozkatu ditu (atxikita duzue horiek eskuratu dituztenen zerrenda). Irabazleek BBK Salako txartel-leihatilan hartu ahal izango dituzte sarrerak, 18:00etatik aurrera.

Luxuzko ekitaldia

Aurrestreinaldiaren ekitaldia Hollywoodeko estreinaldien parekoa izango da. Inoizko ediziorik gogorrenaren aurkezpen ekitaldian, Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Julian Iantzi eta Patxi Alonso aurkezleak eta Joxean Goñi eta Txema Montoia zuzendariak egongo dira. 'Conquis' saioko aurpegi ezagun gehiago ere egongo dira bertan: Gotzon Mantuliz, David Seco, Jose Luis Korta, Manu Maritxalar, Julen Madina, Eneko Van Horenbeke eta aurreko edizioetako beste hainbat lehiakide eta irabazle. ETB2ko saio honen jarraitzaile sutsuak direla aitortu duten pertsona ezagun asko ere bertaratuko dira.

Ekitaldia abiatu aurretik, alfonbra gorritik pasatuko dira gonbidatuak, 19:15etik aurrera.