telebista
20:15etik aurrera
ETB2k 'Secret Chef' saio berria estreinatuko du gaur gauean
EITB
Fausto Grossi chef italiarrak gidatuta, saio gastronomiko berria euskal sukaldean barrena murgilduko da.
-
Secret Chef saioko aurkezlea eta zuzendaria
Gaur gauean, ETB2k 'Secret Chef' saio gastronomikoa estreinatuko du telebistan. Nazioartekotzea bultzatzeko Eikenek abian jarritako Innova Basque Audiovisual ekimenaren bigarren edizioaren saio irabazlea da.
Gastronomiaren inguruko game-show-a eta belaunaldien arteko erronka interkulturala da 'Secret Chef'. Fausto Grossi pizza eta pasta maisu italiarrak euskal sukaldaritzaren plater tradizionalenak ezagutu eta prestatzen saiatuko da. Euskal Herriko herri ezberdinetako pertsonek maisu italiarra gonbidatuko dute euren etxeetara, eta euren jakirik onena emango diote dastatzera. Sukaldari italiarrak 48 ordu izango ditu jaki berdina prestatzeko. Horretarako, herriko jendea elkarrizketatu, jakiak nola prestatzen diren ikasi, eta ahal bezain ondo arituko da sukaldean. Gonbidatzailearen familia-kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du Grossik erronka gainditu duen ala ez.
Euskal Telebistak igande honetan eskainiko duen atalean, Karrantzako monjek lagunduko dute chef italiarra sukaldean. Guztira, lau programa eskainiko ditu ETBk Karrantzan grabatutakoa barne, eta Zornotzan, Zugarramurdin eta Orion izango da 'Secret Chef'eko lantaldea. Igandero eskainiko du ETB2k, 20:15etik aurrera.
Jokin Etcheverria zuzendariak, publikoari Euskal Herrian zehar bidaiatzeko aukera emango dion formatu berria sortzeko helburuarekin ekoiztu du saioa, gure lurraldearen irudirik anitz eta pluralena eskainiz. 'Secret Chef' ez litzateke posible izango grabazioan lagundu duten herritarren partaidetzarik gabe, eta mota oso ezberdinetako taldeen babesa jaso dute: Karrantzako monjetik hasi eta Zumarragako punk talde bateko kideak barne.
Innova Basque Audiovisual ekimena
EiTB, Bizkaiko Diputazioa, BEAZen bitartez, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetza dira Innova Basque Audiovisual laguntzen duten erakundeak.
Euskal ekoizpen berritzaileak bultzatzea eta nazioartekotzea dira Innova Basque Audiovisual ekimenaren helburua. Hartara, euskal ekoizleek aurkeztutako ikus-entzunezko proiektuen artean kanpoko merkatuetan arrakastatsuak izan daitezkeenak aukeratzen ditu nazioarteko epaimahai batek, berauek ekoitzi eta emititzeko. Jokin Etcheverriaren JOK Films-ek aurkeztutako ?Secret Chef? aukeratu zuen garaile Innova Basque Audiovisual-en bigarren edizioan Armozako Amos Neumannek, The Wit-eko Geise Fiscinak eta EiTBko Gorka Garciak eta Joselu Blancok osatutako epaimahai internazionalak.