telebista
Laburpena
Tonik gutxigatik galdu du Enekoren aurkako lehia
Kondorrek arriskuan jarri zuten Toni, eta hark ia-ia etxera bidali zuen Eneko. Guanakoen taldean, baina, ez dago barealdirik eta, oraingoan, Juanitok egingo du eztanda Kortaren kexuen aurrean.
Kondorrek apustu gogorra egin zuten, jakitun baitziren euren egoera larria zela. Toni erregaitza jarri zuen arriskuan taldeak, abenturan zehar irribarrea galdu ez duen bakarrenetakoa, eta David Secok, aldiz, Patxiren izena aipatu zuen. Aurre egiteko izen handi bi Enekorentzat; izan ere, fisikoki oso sendo egon arren, erraz ateratzen da bere onetik.
Toni hautatu zuen Enekok, agian duelua aurkezterakoan Patxik emandako arrazoiengatik, baina laster konturatu zen gasteiztarra ez zuela ondo aukeratu.
Azkeneraino berdinduta
Dueluan alde fisikoa eta trebetasuna landu behar ziren; izan ere alderantziz zegoen sare batetik gora egin behar zuten, eta goitik saskiratu egin behar zuten, tiratzaile onak direla erakutsiz. Azkenean, huts eta huts egin zuten. Beraz, lehia bukatu gabe zegoen, baina buruz hobeto zegoen Toni. Une erabakigarrietan pentsatzeko eta estrategia korapilatsuak asmatzeko gai dela erakutsi zuen italiarrak. Dueluaren azken segundoetan hainbat poltsa lurrera bota zituen, eta Eneko etxera bidaltzeko zorian izan zen.
Berdinketarekin, laguntzaileak jokoan sartu ziren, eta erabakigarriak izan ziren saskiratzeak lortzeko orduan. Azkenik, fisikoki Toni baino pixka bat hobeto egotea izan zen Enekoren garaipenerako giltzarria. Toni ahuldu egin zen, eta garaipenak gutxigatik ihes egin zion.
Juanitok eztanda egin zuen Kortaren kexa guztien aurrean
Guanakoak pozik itzuli ziren kanpamentu txirora, eta Patxi ere goibel itzuli zen kanpamentura, baina ez hainbeste; izan ere, duelura joan ziren lagunek opari bana zeramaten taldekideentzat: sua egin ahal izateko txingarrak. Kanpamentuetako egoera jasanezina bilakatu zen hotzagatik eta elurragatik, eta bazirudien su gabe ezin izango zirela bizirik atera.
Dena den, ezinezkoa dirudi guanakoen taldean bakean bizitzeko gai direnik. Enekoren itzulera, sua izatea eta janari beroaz gozatzea ez ziren nahikoa, antza, harmonian bizitzeko. Beti bezala, arrozaren salda dela eta kexatzen aritu zen Korta, eta Juanitok eztanda egin zuen. Gasteiztarrak aurka egin zion oriotarrari, eta haserre utzi zuen afaria.