telebista
Audientzia
'Herri Txiki'k eta 'Soinu Ehiztaria'k audientzia bikaina izan dute
A.E.
EiTB
ETB1eko igande gauetako bi saioek 134.000 eta 61.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan dute. Bestalde, 'El Conquistador' saioa ia 300.000 ikus-entzulerengana iritsi zen.
Audientzia bikaina izan dute igande gauean ETB1en emandako saioek. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik ETB1en aurkezten duten 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak ere emaitza onekin jarraitzen du. Iturenen grabatutako atzoko atalak 134.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen, eta euskaldunen artean % 7,3ko audientzia. Ondoren ematen den 'Soinu Ehiztaria' saioak, halaber, orain arteko daturik onena lortu zuen. Xabi Larrazabalek Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoari egindako elkarrizketak % 7,6ko audientzia izan zuen euskaldun artean, eta 61.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Bestalde, igandeko 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko atala 292.000 ikus-entzulek ikusi zuten uneren batean, EAEn eta eragin esparruan. Atzoko atalak % 14,7ko audientzia izan zuen eta 131.000 ikus-entzule bataz beste. Amaierako bidean den telerrealitate saioan, Eneko indartsua kanporatu zuten. Orain arte, lehiaketa irabazteko partaide nabarmenetako bat zen Eneko, baina Maixaren aurkako duelua ezin izan zuen gainditu.