Itxi

telebista

22:25ean, ETB2n

'Las horas' filma eskainiko du gaur 'La Noche de...'k

A.A.

EiTB

Michael Cunningham-en izen bereko eleberrian oinarritutako pelikulan, Nicole Kidman, Julianne Moore eta Meryl Streep ikusiko ditugu, besteak beste.

  • Felix Linares

    Felix Linares

'La Noche de...' saioak Las horas film luzea eskainiko du gaur gauean. Michael Cunningham idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako kontakizun dramatikoa da. 1999an Pulitzer saria eman zioten Cunninghami lan horrengatik. Zinemara eramandako istorioan, gainera, Nicole Kidman, Julianne Moore eta Meryl Streep aktore bikainak ikusiko ditugu.

Stephen Daldryk zinemara eraman zuen Las horas filmak garai ezberdinetako hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Baina hirurek gauza bat izango dute komunean: Virginia Woolfen Mrs. Dalloway eleberria. Hain zuzen ere, Nicole Kidmani egokitu zitzaion Woolf anderearen paperean sartzea; 1923an girotuta ikusiko dugu, eleberri hori idazten ari zen bitartean.

Julianne Moorek 1951n eleberri hori irakurri zuen emazte zorigabe baten rola jokatzen du, eta Meryl Streep New Yorkeko editore homosexualaren paperean sartzen da. Gaur egungo Mrs. Dalloway baten antzera, hiesak jota oso gaixo dagoen idazle lagun bat zaintzen du, eta harentzako jai bat antolatzea bururatu zaio.

Filmaren aurretik, Felix Linaresek film eder hau grabatzeko lanei eta protagonistei buruzko hainbat datu emango dizkigu. Eta zinemaren gaur egun albiste diren beste hainbat gai aipatuko ditu; Cate Blanchett-en azken filmaren estreinaldia eta bere urtebetetzea, besteak beste.

Los vengadores 2 filmaren arrakastaren ondotik, superheroien filmetan erabiltzen dituzten efektu digitalei buruzko erreportaje bat ere ikusiko dugu.

Azkenik, La muerte os sienta tan mal atalean, puntadun tresnekin eta arma zuriekin egindako hainbat hilketa aipatuko dituzte. Azken honen inguruan, urtemuga berezi bat ekarriko digu gogora Felix Linaresek.

Asteartero, 22:25 aldera, 'La Noche de...' saioa, ETB2n eta eitb.eus-en ikusgai.