Itxi

telebista

ETB1en eta eitb.eus-en

Suitzako Itzulia eta Logroñoko pilota jaialdia, gaur, zuzenean

A.A.

EiTB

Zesta punta, fitness, herri kirol eta estropada emanaldiek osatuko dute kirol eskaintza.

Zuzeneko bi kirol emanaldi izango dira gaur Euskal Telebistan eta eitb.eus-en: txirrindularitza eta pilota.

Suitzako Itzuliaren 2. etapa 16:20etik aurrera jarraitu ahal izango da ETB1en (17:00etan ETB4era pasako da). Rotkreuzen hasi eta amaituko den 161 kilometroko ibilbidean gertatzen denaren berri emango dute Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak.

17:00etan, 'ETB Kantxa' saioa hasiko da, zuzenean baita ere, Logroñoko Adarraga pilotalekutik. Gorka-Cecilio / Jaka-Irusta norgehiagokak zabalduko du jaialdia. Partida nagusian, Altuna III-Barriola eta Dario-Rezusta izango dira aurrez aurre. Amaitzeko, Aritz Lasa-Larrinaga / Mendizabal III-Urruzola neurketa jokatuko da. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile.

Igandeko kirol eskaintza osatzeko, 12etan, ETB4n, Egiguren II-Enbil / Goikoetxea-Urtasun zesta punta partida izango da ikusgai, Juanan Legorbururen eta Jon Zulaikaren kontakizunarekin.

Ordu berean, baina ETB1en, Euskadiko Fitness Txapelketa eskainiko da. Iragan maiatzaren 30ean Gernikan jokatutako lehiaketaren xehetasunak Iñaki Mikeok eskainiko ditu, Omer Alvarez laguntzarekin.

15:30ean, ETB1en, harrizulatzaileen Gallartako sariaren berri emango du Ibon Gaztañazpik. Aditu lanetan Javier Santamaria arituko da.

Amaitzeko, traineru estropaden Lekeitioko Ikurrinaren laburpena egingo du Juanan Legorburuk 20:30etik aurrera ETB4n.