Itxi

telebista

22:15ean

Oiz eta Bizkaiko begiratokiko sukaldaritza, gaurko 'NEPPS' saioan

EITB

EITB

Oiz mendiaren inguruko herrien sukaldaritzaren sekretuak ezagutuko dituzte Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldariek, eta gailurrera igoko dira Mikel Landarekin batera.

Aste honetako 'No es país para sosos' saioan, Oiz mendiaren inguruko herrietan izango dira Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldariak; Bizkaiko begiratokian, alegia. Mikel Landa, euskal txirrindularitzaren oraina eta etorkizuna, izango dute gonbidatu ostiraleko saioan. Italiako Girotik etorri berri da Mikel Landa, han bi etapa eskuratu ondoren.

Bizkaiko Garai herrian dagoen Momoitio auzoko San Juan baseliza izango du abiapuntu abentura honek. Hantxe, legatza barazkiekin prestatuko die gure sukaldariei zenbait txirrindulari-talderen sukaldari izandako Juantxuk. Oiz mendiaren gailur inguruan helmuga izango duen etapa baten hasiera izango da hau.

Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek bakoitzak bere bideari ekingo dio ondoren. Durangaldera joko du Anderrek, eta Lea-Artibaira, berriz, Ramonek.

Ramonek Markina-Xemeinen hasiko du bere bakarkako abentura. Gure herrialdeko hainbat pilotariren sorleku da Bizkaiko txoko hau, eta horren zergatia ezagutu nahiko du Ramonek, eta zergatik deitzen zaion herriko pilotalekuari "Pilotaren Unibertsitatea". Ondoren, Lea ibaiaren ibilbidea jarraituko du eta Bengola Parkean bukatuko du, Energia Berriztagarrien Interpretazio Zentroan, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen. Gerrikagoitia familiaren Sindikatu jatetxeak olagarroa galiziar erara dastatzeko aukera emango dio bertan Ramoni.

Bestalde, milaka oilo dituen oilategia bisitatuko du Anderrek, Garain bertan. Berrizera joko du ondoren, luxuzko anfitrioia baitu zain: Mari Tere. Gure sukaldariek aurreko denboraldian aurkeztu zuten 'Entre dos fuegos' saioko epaimahai izan zen Mari Tere, izaera handiko emakumea, isilik geratzen ez den horietakoa. Mingain arrautzaztatua pipermorroekin prestatuko dio Anderri, eta horretarako ikuslea arnasa gabe utziko duen txoko bat aukeratu du berriztarrak.

Abenturaren erdialdera, Oiz mendiaren magalean, gure sukaldariek Mikel Landa ikusiko dute berriz ere. Garaipenez josten hasi den ibilbideaz hitz egingo du txirrindulari arabarrak, eta bizipen eta pasadizo ugari kontatuko dizkigu.

Jarraitzeko, gure gastronomiaren alderik gozoena bilatuko du Anderrek Mallabian, eta erroskilla batzuk egingo ditu Mañeko baserrian. Mallabian bertan, Zelai harri-jasotzailearekin egoteko aukera ere izango du.

Ramonek, Ziortza-Bolibarren dagoen Zenarruzako kolegiata bisitatu ostean, Amorebieta-Etxanora joango da eta Jauregibarria Jatetxeko Beñatek abakando entsalada bikaina egingo dio.

Mikel Landarekin batera, Oiz mendira igoz amaituko dute bidaia gure bi sukaldariek, eta hantxe lehiatuko dira. Mikel Landak berak egingo ditu epaile-lanak, eta gehien gustatu zaion platera aukeratu beharko du. Zein izango da garaile?

Gaur gauean, ez galdu 'No es país para sosos' saioa, 22:15ean, ETB2n.