Itxi

telebista

Grabazioa

EOSak grabatu du 'Aitaren Etxea' telesailaren soinu banda

EITB

Fernando Velazquez prestigio handiko konpositore bilbotarrak sortu du ETB1ek irailean estreinatuko duen telesailaren soinu banda.

1:27

Ostiral honetan, abuztuak 14, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Fernando Velazquez musikagileak 'Aitaren Etxea' telesail berrirako sortutako soinu banda grabatu du. ETB1ek irailean estreinatuko du fikzio berri hau, 50eko hamarkadan dago girotua, eta bertan, entzun handiko antzezle ugarik hartu dute parte, esaterako, Loreto Mauleón, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga edota Felix Arkarazo.

Fernando Velazquez konpositore bilbotarrak nazio eta nazioarteko lan arrakastatsuen soinu bandak sortu ditu, tartean, Lo Imposible (International Film Music Critics Award sariaren irabazlea), Ocho apellidos vascos (Euskadiko Orkestrak grabatua), Hércules edo Mamá. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak burutuko duen grabaketa hau zinema zein telebistarako musikaren inguruan burututako egitasmo ezberdinei gehitzen zaie, horien artean Ocho apellidos vascos filmaren soinu bandaren grabaketa.

Gaurko grabazioan, hedabideen aurrean adierazi duten bezala, Fernando Velazquez, musikagilea, eta Jabi Elortegi, telesailaren zuzendaria, oso pozik daude elkarlanarekin. Soinu banda erromantikoa izango da eta Velazquez musikagilearentzat "musika erromantikoa egitea oso suspergarria da, antzeman daitekeen melodia sortu behar delako, eta aldi berean, telesailaren akzioa eta emozioak islatu behar dituelako".

Musika egiterako orduan, telesaila 50ko hamarkadan girotuta egoteak asko lagundu izan diola aitortu du Velazquezek. "50ko hamarkadan oso ondo girotuta dago, eszenatokiak, jantziak, eta grabatu izan diren irudiak ikustea asko lagundu dit musikaren konposaketa egiterako orduan. Gainera, istorioa oso polita da. Maitasuna dago, bikote bat, familien arteko konflikto bat, eta guzti hori musikarekin laguntzea oso erronka polita izan da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren interpretazioarekin egiteak gainera, lana borobiltzen du."

Jabi Elortegik bere aldetik, bai Orkestra Sinfonikoarekin, zein Fernando Velazquezekin lan egitea ohore bat izan dela aitortu du, eta soinu bandak 'Aitaren Etxea' bezalako telesail batean duen garrantzia goraipatu du. "Musikak emozioak handitzen edo txikitzen laguntzen dizu eta telesaila osatzen duten beste elementuak bezain garrantzitsua da, aktoreak, eszenatokiak, jantzitegiak, etab."

Aitaren Etxea

'Aitaren Etxea' euskal itsasertzeko herri batean dago girotuta, 1950. urte inguruan. Bertako herritarrek bat egin eta garai hartako baldintza gogorretan bizitzen asmatu beharko dute. Nahiz eta telesailaren helburu nagusia ez izan orduko gertaerak zehatz mehatz kontatzea, garaiko hainbat pasadizo islatuko ditu.

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailaren lan-taldea 65 lagunek osatzen dute. Jabi Elortegik zuzentzen du. Besteak beste, Go!azen eta 'Goenkale' telesailak eta Zorion perfektua filma zuzendu ditu Elortegik. Aktoreen artean, berriz, Loreto Mauleon ('El Secreto de Puente Viejo', La máquina de pintar nubes, 'Goenkale'), Nagore Aranburu (Loreak, La herida), Josean Bengoetxea (Loreak, Negociador, Celda 211), Felix Arkarazo (Santuario, Zorion perfektua, 'Goenkale'), Kandido Uranga (Vacas, Eutsi!, Arriya, 'Goenkale', 'Balbemendi'), Ander Azurmendi ('Goenkale'), Anartz Zuazua (Celda 211, La herida, Rage) eta Iñaki Beraetxe (8 apellidos vascos, 'Mugaldekoak', 'Goenkale') daude.

Lan talde hau osatzen du, gainera, Gaizka Bourgeaudek, Arriya, Bertsolari eta 'Sin Tetas No Hay Paraíso'ren argazki zuzendariak. Aipagarria baita ere makillajearen arloan Karmele Solerrenek parte hartzea. Euskal Telebistako ohiko makillatzaileak curriculum bikaina eta oparoa dauka eta, besteak beste, Goya saria jaso zuen 2012. urtean Pedro Almodovarren La piel que habito filmagatik.