Itxi

telebista

Donostia Kantuan

Donostia Kantuan jaialdia, azaroaren 28an, Kursaal jauregian

A.E.

EiTB

Euskal abesti ezagunak eskainiko dituzte Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgo aurkezleekin batera Urkok, Pantxoa Carrerek, Easo-Araoz eta Pasai Txiki abesbatzak eta abar. Ondoren, ETBn emango da.

  • Donostia kantuan

    Donostia kantuan

Azaroaren 28an 'Donostia Kantuan', betiko euskal kantaz osatutako jaialdia, izango da ikusgai Donostiako Kursaal jauregian, Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Kursaal Eszena eta Angel Mariezkurrenak antolatutako jaialdiak Euskal Telebistaren babesa du.

Euskal musika zabaltzea eta ikusleen parte hartzea bultzatzea da Donostian gaur aurkeztu den jaialdiaren asmoa. Aurkezpenean, Miguel Martin Kursaal eszenako programatzaileak, Angel Mariezkurrena jaialdiaren sustatzaileak, Xabier Euzkitze saioaren aurkezleak, Iñaki Dieguez musikariak eta Easo-Araoz eta Pasai Txiki abesbatzen kideek hartu dute parte.

Abeslari, musikari, abesbatza eta dantzari ezagunak igoko dira oholtzara hilaren 28an, 20:00etan. Aurkezleek ere abestuko dute eta eurekin batera, Urko, Laura Latienda, Jaione Olazabal, Pantxoa Carrere, Easo-Araoz eta Pasai Txiki abesbatzak, Hendaiako Gaztelu Zahar abesbatza, Bankako Menditarrak, eta Doneztebe eta Leitzako dantzariak izango dira Kursaal jauregiko emanaldian.

Hogeitabost abestitik gora izango dira emanaldian eta tartean, 'Txoria txori', 'Nere herriko neskatxa maite', 'Joseba Elosegi' eta 'Agur Xuberoa' entzun eta abestu ahal izango dira.

Donostia Kantuan ikusteko sarrerak Kursaaleko lehiatilan, Kutxabankeko kutxazainetan eta sarean eskuratu daitezke. ETBk, halaber, datozen hilabeteetan eskainiko du jaialdia bere lehen katean. Baina 'Donostia Kantuan'erako sarreren zozketan ere parte har dezakezu, eitb.eus-en.

Donostia Kantuan ez da gisa honetara egiten den lehen ekitaldia. Aurretik, 2013an eta 2014an, Iruñea Kantuan egin zen Baluarten eta oso harrera ona izan zuen. Aurten, Euskalduna eta Baluarte jauregietan Bilbo Kantuan eta Iruñea Kantuan ospatu dira, eta bakoitza, bere nortasunari eutsiz, ikuskizun arrakastatsuak izan dira.