Itxi

telebista

Larunbatean

Mikel Odriozola ibiltaria, gaurko 'BAT To Rio'ren protagonista

A.E.

EiTB

Atleta errenteriarrak erronka handi bat du begipuntuan: Olinpiar Jokoetan laugarrenez parte hartzea.

  • Mikel Odriozola

    Mikel Odriozola

Mikel Odriozola atleta da Euskal Telebistan emango den 'BAT to Rio' saioko bigarren protagonista. Asteroko dokumentala da, eta gaur emitituko da, ETB1en, 21:00etan; eta ETB2n, 14:45ean. Rio 2016 Olinpiar Jokoak bitarteko bederatzi hilabeteetan emango da, eta han parte hartzeko aukeran dauden euskal kirolarien berri emango du saioak. BASQUE TEAM eta Euskal Telebistaren arteko elkarkidetzaren emaitza da.

Ibiltari errenteriarrak erronka handi bat du begipuntuan: Olinpiar Jokoetan laugarrenez parte hartzea. Sidney (2000), Beijing (2008) eta London (2012) egin zituen, eta Rio de Janeiron egon nahi du. Hartarako bide emango dion txartela 2016ko otsailaren 28an izango du jokoan, Motrilen jokatuko den 50 km ibilketako Espainiako Txapelketan.

Ibilketan palmares oparoa du Odriozolak, batik bat 50 km ibilian: Espainiako txapeldun izan da seitan (2001-2003, 2005, 2006 y 2011), Munduko Kopetan bitan izan da laugarren (A Coruña 2006 eta Cheboksary-Errusia 2007), Europako Txapelketetan laugarren (2006) eta bosgarren (2007) postuak ere baditu, eta Munduko Txapelketa batean, 2007an, seigarren izan zen. Olinpiar Jokoetan, berriz, Beijingen lortutako 13. postua du onena. Horrez gain, 30km ibilian Espainiako errekorraren jabe izan zen 2003an, 2 ordu 5 minutu eta 28 segundoko markarekin.

Errenterian jaioa (1973/5/25), Atletico Renteria eta Real Sociedad klubetan aritu izan da, eta azken horretako kide da gaur egun, Jon Esturo entrenatzailearekin. Atletismoan 15 urte zituela hasi zen, eta 20 urtez izan da profesionala. Nazioartean 18 denboraldi osatu ditu, 1997an egin zuen debuta.

Euskal olinpiarrak ezagutarazteko saioa

'BAT to Rio' astero eskainiko da, larunbatetan, ETB2n, 14:45ean, 'Teleberri'ren aurretik; eta ETB1en, 21:00etan, 'Gaur Egun' albistegiaren ostean. Hamabi bat minutuko erreportaje monografikoak izango dira. Gauzak horrrela, ikusentzuleek Rion parte hartuko duten euskal kirolariak ezagutzeko aukera izango dute Olinpiar Jokoak hasi artean falta diren 9 hilabeteetan.

Iñigo Asensio eta Iñigo Eraso dira saioko zuzendaria eta errealizadorea ondoz ondo. Urazpiko kamarak, dronak eta ikusentzunezkoetan puntako teknologia erabilita irudi ikusgarriak landu dituzte. Asensiok eta Erasok eskarmentu zabala dute telebistan, kirola eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu bait dituzte. Biak izan ziren 'BAT to London' saioaren ekoizleak, orain esku artean dugun saio honen aurrekaria berau.