telebista
ETB1en eta ETB2n
Iñigo Peña piraguista, 'BAT To Rio' saioan
A.A.
EiTB
K4-1.000 kategorian olinpiar txartela eskuratuta dauka zumaiarrak.
-
Iñigo Peña
Iñigo Peña piraguista zumaiarra hartuko du protagonista aste honetako 'BAT To Rio' saioak. Peña K4-1.000 diziplinan da espezialista, lau arraunlari ontzi berean eta 1.000 metroko distantzian. Duela lau urte oso gertu izan zuten Olinpiar Jokoetarako sailkapena, baina ezin izan zuten Londonen egon. Alabaina, Rioko Jokoetara joateko txartela pasa den abuztuan lortu zuten, eta harrez gero bete betean ari dira hitzordu handirako prestaketan.
'BAT To Rio' saioko lan taldea Madrilgo Blume Goi Errendimenduko Zentrora joan da harekin eta bere ontzi kideekin hitz egitera. Han entrenatzen du Iñigo Peñak duela zortzi urtetik, uretan nahiz gimnastika gelan, eta bertako bizipenen berri emango du. Horrekin batera, K4ko kideek Iñigo nola ikusten duten kontatuko dute eta bere amarekin ere hitz egingo dute.
Iñigo Peña Arriola (Zumaia 1990/09/27) jaioterriko Itxasgain Kirol Elkartean hasi zen piraguismoan 10 urte zituela. Junior garaian emaitza bikainak lortu ostean, 2009an pasa zen nagusien mailara. Kanadako Munduko Txapelketan parte hartu zuen K-4 1.000koan, eta 11. sailkatu zen. Javier Hernanz asturiarra eta Rodrigo Germade eta Oscar Carrera galiziarrak dira bere kideak, eta haiekin lortu zuen 2015eko Europako Txapelketako brontzezko domina, Txekiar Errepublikako Racicen. Piraguismoak uzten dion heinean, Zuzenbide ikasketak egiten ari da.
'BAT To Rio' larunbatean dago ikusgai, ETB2n, 14:45ean; eta ETB1en, 21:00etan.