telebista
Danborrada 2016
Donostia eta Azpeitiko danborradak, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
A.H. | EITB
Gainera, asteazkenean haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira ikusgai bertatik bertara.
Gaur, Donostiako jairik ospetsuenari emango zaio hasiera gauerditik aurrera. Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean jarraituko du aurtengo danborrada, 22:20ean abiatuko den 'Danborrada Gaua' emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola, Maite Eskarmendi eta Unai Etxabe Donostiako Konstituzio plazan izango dira eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri.
Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean igoko dute bandera eta orduan entzungo dira lehen danbor hotsak. Europako kultur hiriburutzaren urteko lehen inaugurazio ekitaldi ofiziala izango da. Ohi denez, Gaztelubideko kideak egongo dira oholtza gainean, beste 95 konpainietako ordezkariekin eta musikariekin batera, eta bandera igoera berezia egingo dute. Hiru bandera igoko dituzte: Donostiako Bandera, Ikurrina eta Europako Bandera.
Donostiako Orfeoiak danborradari ahotsa jarriko dio, 140 abeslari baino gehiagorekin, eta San Sebastian festaren doinu propioez gain, Europako Ereserkia interpretatuko du. Kresala dantza-taldeak Faustino Aranzabal bertako zuzendari artistikoak bandera-igoerarako bereziki prestatutako koreografia estreinatuko du, eta 14 dantzarik bandera igoeraren ekitaldiaren hasieran eta amaieran dantzatuko dute.
Aurten gainera, Errenteriako Musika Bandak osorik hartuko du parte, eta Europako ereserkiaz gain, danborradaren musika-errepertorio osoa interpretatuko dute 54 musikariek.
Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta bezperan helduen danborrada abiatu ohi dute. Astearte gauean, ETB1ek zuzeneko konexioak egingo ditu Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean-uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek oso-osorik emango du Azpeitiko ospakizuna, 00:45etik aurrera.
San Sebastian eguna
Asteazkenean, berriz, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:30ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.
12:00etan haur guztiek San Sebastian Martxa eta Donostiako Antzinako Himnoa joko dituzte Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean. Era horretan desfileari hasiera emango zaio Alderdi Ederren, eta Sarriegi maisuaren melodiak interpretatuko dituzte: 'Diana', 'Iriyarena', 'Polka', 'Erretreta' eta 'Tatiago', 'Gau Ibilera' eta 'Hau dek hau' (José Azarola).
Aurten gainera, konpainia berri batek hartuko du parte: lehenengoz, beste hiri bateko haurrek ere joko dute danborra, Sarriegiren konposizioen erritmoei jarraituz. Hain zuzen ere, Wroclawko haurrak izango dira; izan ere, Poloniako hiri hori ere Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an. Gertakari hori Alderdi Ederren egongo diren pantaila erraldoietan ikusi ahal izango da. Bertan, Wroclawko eta Donostiako 4.000 haur baino gehiagok sinbolikoki bat egingo dute, bi hirien Hiriburutza ospatzeko.
Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkate Eneko Goiak bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Easo Abesbatzak bere aldetik danborradari ahotsa jarriko dio 2016 honetan. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute kontakizuna 23:25etik aurrera.
eitb.eus-en streaming bidez
eitb.eus-ek Danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.