telebista
23:15ean
'Oinatz Galduak' dokumental sailaren estreinaldia, gaur, ETB1en
A.E.|EiTB
Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko izenpetu duten hitzarmenak finkatutako proiektua da 'Oinatz Galduak'.
'Oinatz Galduak' telesaila estreinatuko du gaur ETB1ek, 23:15ean. Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko izenpetu duten hitzarmenak finkatutako proiektua da dokumental sorta hau.
Filmak Mediak ekoitzi eta Fermin Aiok zuzendutako 'Oinatz Galduak' dokumental sailak bost hamarkadatan jazotakoa biltzen du 5 ataletan. Ordubete iraungo duen atala bakoitzean, dozena bat protagonistaren lekukotasunak jasoko dituzte. 50 kontakizun berezi dira guztira, eta horiek izango ditu Amaia Cayerok euskarri gure historia hurbilaren ibilbidea egiteko.
Atalak
Atal bakoitzak hamarkada bakoitzean gertatutakoa laburbiltzen du. 60ko hamarkadan hasi eta borroka armatuaren amaiera iragartzeko ETAk egindako adierazpenarekin bukatuko da. Dokumental sailean, Juan Pablo Fusi historialaria, Mari Carmen Garmendia Kultura sailburu ohi eta irakaslea eta Mariano Ferrer kazetaria aritu dira aholkulari.
Lehen atala, 60ko hamarkadari buruzkoa, Francoren diktadurako errepresio gogorraren garaian girotuta dago. Ordukoa da, halaber, ETAren jaiotza eta Agirre lehendakaria buru zuen atzerriko Eusko Jaurlaritza. Une hartako zenbait protagonistaren hitzak, ETAren lehen biktimen senideenak eta Francoren indarkeria jasan zutenena bilduko dituzte. Atala modu berezian itxiko da, ETAren sorrera bi ikuspegi ezberdinetatik bizi izan zuten bi lagunen topaketarekin.
70eko hamarkadari buruzko atala, frankismoaren azken zartadek eta demokraziaren lehen urratsek osatzen dute, ETAren eta talde parapolizialen giza eskubideen urratzeak zipriztinduta.
80ko hamarkadan, berriz, beste gertakizun batzuen artean, hauek gailendu ziren: GALen gerra zikina, Hipercorreko atentatu odoltsua, Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundearen sorrera, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, desindustrializazioa, hiesaren agerpena eta ETA-PMren desegitea.
Laugarren atala 90eko hamarkadari eskainitakoa da, eta Miguel Angel Blancoren hilketarekin ekingo zaio kontakizunari. Lasa eta Zabalaren gorpuzkinen agerpena ere kontatuko dute. Hamarkada horretan, halaber, Fernando Buesa lehendakariordea eta Jorge Diez bere eskolta hil zituzten, baita Ernest Lluch ere. Horrez gain, Askatasunen Ituna sinatu zuten PPk eta PSOEk, eta lankidetza horrek, besteak beste, 2002ko Alderdien Legea izan zuen ondorio modura.
Dokumental sorta ixten duen atalak ETAk behin betiko armak uzteko 2011ko urrian egin zuen adierazpenak ekarri zuen prozesua du ardatz. Epe horrek garai berri bati eman zion hasiera Euskadin. Bolada honetan, giltzarri izan dira, besteak beste, gertakizun hauek: indarkeriaren biktimen onespen eta kalte-ordain esparruaren garapena Eusko Legebiltzarrean; ikastetxeetan biktima askok gorrotoaren aurka egindako adierazpena, Aieteko Konferentzia, Gleencree ekimena eta hainbat udalerritan izandako elkarrizketak.
Sufrimendua dokumental sail guztian agertzen bada ere, positiboan eraikitako guztia ere agertzen dela adierazi nahi du lanak. Izugarrikerien gainetik, euskal gizartea aurrera egiteko gai izan zela erakutsi da.
Euskal gizartean diren memoria ezberdinak zerrendatu, elkarrizketara bideratu eta hurbiltzeko tresna izan nahi du lan honek. Pieza hauek elkarbizitza oso bat eraikitzeko helburua bilatzen dute.