Itxi

telebista

Aurrerapena

'Safari Wazungu'ren finala gaur gauean, zuzenean ETB2n eta eitb.eus-en

eitb.eus

Erredakzioa

Gaurko final handian ikusleen ardura izango da finalista geratuko diren lau lehiakideen artean zuzenean gogokoenaren alde erabakitzea, Esploratzaile Onenanen alde, alegia.

'Edozer gerta daiteke oraindik', esan zuen Gotzon Mantuliz aurkezleak 'Safari Wazungu' saioaren azken atalean, final handiaren aurrekoan. Iturralde sailkatuta dago finalerako, baina oraindik ez da argitu nortzuk izango diren beste finalistak, sari nagusia irabazteko lehian sartuko direnak, hain zuzen.

Hala ere, argi geratu da finalerako txartela eskuratzea ez dela kontu erraza izango. Zimbabwe eta Zambia elkartzen dituen zubia protagonista izan da aste honetan, Victoria ur-jauzietan. Ramon Rotetak ezin izan zuen zubi-jauzia egin, medikuak hala esan ziolako. Tentsio-arazoak ditu sukaldariak, eta ez da komenigarria 110 metrotik salto egitea. Beste hiru bikoteek arazorik gabe egin zuten salto, baita Begoñak eta Comanek ere. Bizkaitarrak negar egin zuen, baina Comanekin batera Zambezi ibaira hanketatik lotuta salto egitea erabaki zuen azkenean.

Erronka modu egokian egiteko, bikotearen bi partaideek egin behar zuten salto, baina Rotetaren ezintasunak Virginia Berasategiren puntuei ere eragin zien, eta beste lehiakideek erabaki behar izan zuten Virginiak bakarrik salto eginda puntuak lortzeko aukera zuten edo ez. Esploratzaileek bozkatu egin zuten, eta Virginia eta Roteta punturik gabe geratu ziren. Erabaki horrek eztabaida gogorra eragin zuen Yong Liren (Berasategiren eta Rotetaren alde zegoen txinatarra) eta Iturralderen artean.

Zambezi ibaiko zubian izandako tentsioak sentsazio gazi-gozoa utzi zion Yong Liri, eta etsita geratu zen Iturralderen erasoa jaso ostean. Bikotekidea, Yogurinha, finalean ikusi nahi du epaileak, eta azken horrek eta txinatarrak puntu kopuru bera dute.

Bi puntu daude oraindik lehian, bi puntu eta hil edo biziko erabakia: banaka, esploratzailerik onena aukeratu beharko dute lehiakideek (botoa ezingo diote bikotekideari eman), eta horrek eramango ditu bi puntuak. Finalerako txartela eskuratuko du, beraz, puntu gehien jasotzen dituenak. Nahiz eta Roteta eta Virginia atzetik geratu, eurek ere jaso ditzakete botoak, eta baita bi puntuak lortu ere, finalean egon ahal zateko.

Zer gertatuko ote da? zein estrategia izango dute bozkatzeko orduan? Oraingoz, Yong Lik eta Yogurinhak 7 puntu dituzte; Arantzak, 6; Ramonek, Comanek eta Begoñak, 5, eta Virginiak, 4.

Gaur gauean, izango da final handia, eta ikusleek erabakiko dute nor den saioaren garailea, esploratzaile onena! Dena dago erabakitzeko oraindik!