Itxi

telebista

'Txunditzen adituak gara' lelopean, udazkeneko programazioa aurkeztu du ETBk

'Auzolan', 'Ahoz Aho', 'Gailurra', 'Go!azen', 'Udazken Loreak', '¡Qué me estás contando!', '60 minutos a solas', 'Cuerpos de Élite' 'El Lector de Huesos' eta 'Origen' dira udazkeneko berritasunak.

Gasteizko FesTVal telebista jaialdia aukeratu du aurten ETBk udazkeneko programazioa aurkezteko. Ostiral honetan, irailak 9, Kubik diskotekan egin den ekitaldian, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia, Edu Barinaga ETBko zuzendaria eta programetako aurkezleak eta ordezkariak bildu dira.

Txunditzen adituak gara da ETBren aurtengo leloa, eta asmo horrekin osatu du udazkeneko programazio berria, entretenimendua eta informazioa uztartuz. Udan lidergoari eutsi dioten albistegiak gori-gori datorren aktualitatearen peskizan ibiliko dira, euskal herritarrak ondo informatuta egoten jarraitu dezaten.

Entretenimenduari dagokionez, estreinaldi asko izango dira, eta itzulerak ere bai, lehendik arrakastatsu eman diren programen itzulerak.

ETB1

ETB1eko saio berrien artean igande honetan estreinatuko den 'Auzolan' dugu. Astero, auzolanean lan egiten duen herri batera joango da Ibon Gaztañazpi, bertatik bertara ekintza horretan parte hartuko duten protagonistak eta lanen zergatia hurbiletik ezagutuz.

Andoni Aizpuruk, berriz, Euskal Herriko mendi gailur nabarmenenak ezagutuko ditu, Irati Andarekin batera egingo duen 'Gailurra' saioan, irailaren 15etik aurrera. Astero herritar talde ezberdin batek lagunduta, mendi ibilaldi bat egingo dute, gailurrera patxadaz eta biderik erakargarrienetik nola igo gaitezkeen erakutsiz, naturaz eta paisaiaz gozatzearekin batera, eta lagun berriak eginez.

ETB1en estreinatuko den hirugarren saio berria, 'Ahoz Aho', datorren astelehenean. Guztion ahotan dauden gaiak ekarriko dituzte arratsaldero Amaia Cayerok, Ruben Abalek eta Ilaski Serranok. Gaurkotasunaren analisia eta eztabaida izango dira nagusi, baina kulturak ere lekua izango du.

Programaziora itzuliko dira laster 'Go!azen' telesaila eta 'Udazken Loreak' perretxikoei buruzko saio mitikoa. Ramon Agirre zuzendari zorrotzaren gidaritzapean dagoen Basakabi udalekuak ateak zabalduko ditu berriro ikasle talde berri bat hartzeko. Aurpegi berriak ikusiko ditugu aktore taldean, baita lehendik ezagunak diren beste batzuk ere Agirrerekin batera, Barbara Rivas, Inma Fernandez edo Karmele Larrinaga esaterako.

'Udazken Loreak' saioan Iro Landaluzek perretxikoen inguruko argibideak, gomendioak eta abar emango dizkigu, astero protagonista desberdin batek lagunduta. Baina bada nobedaderik denboraldi honetan, basotik atera eta hirira ere joango baitira. Anjel Alkain arituko da kaleko jendearekin perretxikoen inguruan mintzatzen eta jolasten. Gainera, euskal sukaldari onenen sukaldeetan ere sartuko da.

ETB1eko programazioan leku nabarmena lortu duten saioek jarraipena izango dute. Iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren aurretik, Kike Amonarrizek gidatzen duen 'Burubero' lehiaketak jolasteko eta jokatzeko gonbita luzatuko digu. Eta ondoren, ezustekoz beteta eta orain arteko dinamika aldatuta etorriko da 'GTG 3x2' saioa datorren astelehenean. Abentura eta esperientzia berriak biziko dituzte seigarren edizioko lehiakideek Julen Telleriarekin. Zigor Iturrietaren 'Txoriene' sukaldaritza saioak ere atal berriak izango ditu astelehenetik aurrera.

Andoni Agirregomezkortak eta Asier Hormazak gidatutako 'Pintxo&Pote' saioa pasa den asteartean itzuli zen ETB1eko programaziora, eta Aitziber Garmendiaren zalantza existentzialei erantzun asmo dien 'Batek Daki' irailaren 14n hasiko da berriro.

Fermin Etxegoienen 'Zinez' euskal zineari eskainitako tartea astelehenero izango dugu ikusgai berriro, eta Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadiren 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko abentura berriak igandero, Ibon Gaztañazpik bere auzolanak amaitutakoan. Ilaski Serrano gidari duen 'Oholtzan' emanaldi berezien tartea larunbat gauetan emango da orain arte bezala.

Azkenik, kulturak, literaturak, zientziak eta bertsolaritzak euren tartea izaten jarraituko dute ETBko programazioan 'EiTB Kultura Transit', 'Sautrela', 'Teknopolis' (Iñaki Leturiak aurkeztuta) eta 'Hitzetik Hortzera' saioekin.

ETB2

Arratsaldeko egitura goitik behera aldatuko du ETB2k datorren astelehenetik aurrera. '¡Qué Me Estás Contando!' saioak ia lau ordu beteko ditu egunero, informazioa eta entretenimendua uztartuz. Ion Aramendik, Adela Gonzalezek eta Klaudio Landak aurkeztutako saioak denetariko edukiak izango ditu: aktualitate politikoa, gizarte kronika, gertakizunak eta azken ordua, besteak beste. Adituek, kazetariek, kolaboratzaileek eta parte hartuko duten beste zenbait lagunek arratsalde entretenigarria pasatzen lagunduko digute.

Magazinaren ostean, '60 Minutos a Solas' izango dugu ikusgai. Saio berriaren osagai nagusiak honako hauek izango dira: bi ezkongai, sofa bakar batez osatutako platoa, intimitatea sustatzeko hiru galdetegi eta 60 minutuko denbora. Bikote ideala topatzea helburu duen saioaren funtsezko elementuak dira, esan bezala. Hori guztia  psikologo taldearen gainbegirada zorrotzaren pean.

Beste hainbat saio berri ere estreinatuko ditu urrian ETB2k. Larunbat gauetan ikusgai izango den 'Cuerpos de Elite' saioren helburua bost lagunei ohiturak aldatzen laguntzea izango da,  bai fisikoki eta bai osasunaren aldetik hobetu daitezen. Lau aditu laguntzaile izango dituzte bide horretan: medikua, elikaduran aditua, prestatzaile fisikoa eta psikologoa. Igandetan, berriz, 'Origen' saioa izango da ikusgai, Olga Zabalgogeaskoak gidatuta. 'Todos Los Apellidos Vascos' saio arrakastatsuaren bidea jarraituz, sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako kideak izango dituzte gonbidatu.

Urrian hasiko da, halaber, 'Tu al Norte, Yo al Sur' saioaren 2. denboraldia, Reyes Pradosek aurkeztuta. Euskaldunen eta andaluziarren arteko kultur talka umorez lantzen duen saioa ustekabez beteta itzuliko da.

Azarorako aurreikusita dago 'El Lector de Huesos', Dani Alvarezek, Paco Etxeberriaren laguntzaz, aurkeztuko duen saio bitxia. Euren bien eskutik, auzitegi teknika guztiak ezagutuko ditugu, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta, eta kasu ezagunen egia jakingo dugu.

Bestalde, irailean hasiko diren saio berrien artean dago baita ere 'Lo Que Hay Que Ver' zapping saioa. Larunbat eta igandetan ikusgai izango da, eta  interneteko bideo biralak, telebistako momenturik onenak eta, batez ere ETBko kateetan ikusgai izan diren momenturik onenak bilduko ditu.

Patxi Alonsoren 'Atrápame Si Puedes' lehiaketak 3. denboraldiari ekingo dio datorren astelehenean, dekoratu berriarekin eta aldaketa arin batzuekin. Eta Felix Linaresen 'La Noche de…' saioak astearte gaueroko zitari eutsiko dio.

Zinemaldian aurkeztu eta udazkenean ETBn ikusgai izango dira baita ere Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko hainbat ekoizpen. Agirre buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zenetik 80 urte bete diren honetan, EiTBk bere irudia eta baloreak gogoratzeko ikus-entzunezko proiektua eraman du aurrera. Alde batetik, haren biografiara hurbiltzen gaituen Buscando a Agirre dokumentala ekoiztu du, Francesc Escribanok zuzenduta. Bestetik, Agirre lehendakariak, beste nortasun baten pean ezkutatua, Europan eta Amerikan zehar egin zuen bidaia oinarri hartuta, lau ekoizle gaztek zuzendutako dokumental bana egin dira: Markak, Hannot Mintegiarena; Iragan gunea Berlin, Maider Oleagarena; Bosgarren solairua, Mikel Ruedarena, eta Paperezko ahotsak-Mugimenduari buruzko saiakera bat, Estibaliz Urresolarena.

Albistegiak eta kirolak

ETBko albistegiak indarberrituta eta irmo datoz. Euren lidergoa sendotuz doa: abuztuan urteko marka ondu ostean, %21,3ko audientzia zatiarekin, urteko bataz bestekoa %19,4ean kokatu da. Irailaren 5ean abiatu zuten denboraldi berria 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' saioek, aurpegi berriekin eta irailaren 25eko hauteskunde autonomikoei adi-adi begiratuz.

Goizeko lehen albiste kontakizuna egiteko 'Egun On Euskadi' dugu ETB1en eta 'En Jake' ETB2n, astelehenetik ostiralera. Bestalde, aktualitatea patxadaz aztertzeko ardura izango dute laster 'Ahoz Aho+' elkarrizketa eta mahai inguru saioak (asteartea, ETB1) eta 'La Noche En Jake' debate saioak (ostirala, ETB2).

Kirolak tarte garrantzitsua izango du, ohi denez, ETBren programazioan. Euskal kirolaren jarraipen integrala egingo da albistegi saioetako kirol tarteetan eta zuzeneko emanaldien bitartez.

Euskal futbola inoiz baino kokatuago eta indartsuago dagoen honetan (gizonezkoen bost talde eta emakumezkoen hiru ditugu Lehen Mailan), gure futbolaren jarraipenik osoena eskainiko du ETBk, baita saskibaloi taldeena ere.

Asteroko emanaldietan esku pilota dugu izarra, eta horrekin batera, Bigarren B Mailako futbola, herri kirolak eta igande goizetan 'Oreka' saioaren barruan egingo direnak (futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa…). Aurrerago etorriko dira saskibaloiko Eurocup txapelketa eta Euskal Herriko txirrindularitza proba nagusiak.

Kirol eskaintza zabal honen barruan, asteroko hitzorduari eutsiko diete 'Boxeo Izarrak', 'Zu Kirolari' eta 'Abenturaroa' saioek.